Txaloka ludoteka, udaleku irekiak eta haur eta nerabe etorkinen bertakotze programa zerbitzuak kudeatzeko lizitaziora eskaintza aurkezteko epea itxi da.

2013/11/19

  Udalak, haurrentzako balio anitzeko zerbitzuaren hainbat atal lizitazio publikora atera ditu. Konkretuki, Txaloka udal ludoteka, haur eta nerabe etorkinen bertakotze programa eta uztailean egin ohi diren udaleku irekiak. Zerbitzu kontratu hori lehenbailehen egitea komeni da, indarrean dagoen kontratua abenduaren 31an amaituko baita. Horretxegatik, lizitaziora aurkezteko epea 15 egunera mugatu zen eta gaur justu bukatzen da. Orain arte eskaintza bakarra jaso da udal bulegoetan.

  Lizitazio deialdian kontratatuko diren zerbitzuen publikorako ordutegiak, pertsonal beharrak eta hauen titulazioa zehaztu ziren. Hala, Txaloka ludoteka, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 4 eta erdietatik 7 eta erdietara ireki eta bertan bi hezitzaile aritu beharko direla zehazten da. Haur eta nerabe etorkinen bertakotze programan ere bi hezitzaile aritu beharko dira iraileko azken astetik ekaineko hirugarren astera bitartean.

  Udaleku irekiak berriz, uztailean izaten diren arren, guztia koordinatzeaz bi lagun arduratuko dira eta martxotik abuztura, dedikazio maila ezberdinarekin baina programazio prestatu eta gauzatu beharko dutela finkatzen da. Uztailean gainera, errefortzuko begiralea ere jarri beharko du enpresak. Behar hauei aurre egin ahal izateko, enpresak gizarte hezkuntza, pedagogia, psikologia, psikopedagogia edota magisteritza ikasitako langileak jarri beharko ditu. Ludotekan eta udalekuetan aritzeko gainera, aisialdi begirale titulua kreditatu beharko dute. Guztiek, EGA edo hirugarren hizkuntza eskakizunaren mailako euskara ezagutza izan behar dute.

  Lizitaziora aurkezten diren enpresek, beren proposamena hiru gutunazaletan aurkeztu behar dute. Lehenean, enpresariaren nortasun juridikoa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak egunean dituela agertuz. Bigarren gutunazalean, egingo dituzten lanen azalpen memoria presentatuko da eta hirugarrenean, aldiz, eskaintza ekonomikoa. Azken puntu honi dagokionean, udalak, 97.200 eurotan mugatu du lizitaziorako gehienezko prezioa.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!