Txaloka ludoteka, udaleku irekiak eta haur eta nerabe etorkinen bertakotze programa zerbitzuak kontratatzeko prozedura irekia martxan jarri du udalak.

2013/11/05
Card image cap
Eskaintzak aurkezteko epea, azaroaren 19an amaitzen da.

  Haurrentzako balio anitzeko zerbitzuaren hainbat atal lizitazio publikora ateratzeko baldintza plegoa urriaren 24ko tokiko gobernu batzarrean onartu zen. Deialdia berriz, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean atzo argitaratuta, gaur ireki da eskaintzak aurkezteko 15 eguneko epea.

  Lizitaziora, haurrei zuzendutako hiru zerbitzu edo programen kudeaketa atera da: Txaloka udal ludoteka, haur eta nerabe etorkinen bertakotze programa eta udaleku irekiak.

  Ludoteka, publikorako, astelehenetik ostiralera, arratsaldeko 4 eta erdietatik 7 eta erdietara ireki beharko da eta bi hezitzaile aritu beharko dira. Haur eta nerabe etorkinen bertakotze programan ere bi hezitzaile aritu beharko dira iraileko azken astetik ekaineko hirugarren astera bitartean. Udaleku irekiak berriz, uztailean izaten diren arren, guztia koordinatzeaz bi lagun arduratuko dira eta martxotik abuztura, dedikazio maila ezberdinarekin baina programazio prestatu eta gauzatu beharko dute. Uztailean gainera, errefortzuko begiralea ere jarri beharko du enpresak.

  Behar hauei aurre egin ahal izateko, enpresak gizarte hezkuntza, pedagogia, psikologia, psikopedagogia edota magisteritza ikasitako langileak jarri beharko ditu. Ludotekan eta udalekuetan aritzeko gainera, aisialdi begirale titulua kreditatu beharko dute. Guztiek, EGA edo hirugarren hizkuntza eskakizunaren mailako euskara ezagutza izan behar dute.
Lizitaziora aurkezten diren enpresek, beren proposamena hiru gutunazaletan aurkeztu behar dute. Lehenean, enpresariaren nortasun juridikoa egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko da, zerga betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak egunean dituela agertuz. Bigarren gutunazalean, egingo dituzten lanen azalpen memoria presentatuko da eta hirugarrenean, aldiz, eskaintza ekonomikoa. Azken puntu honi dagokionean, udalak, 97.200 eurotan mugatu du lizitaziorako gehienezko prezioa.

  Baina eskaintza ekonomikoa ez da erabakigarria izango kontratua esleitzeko orduan, atal honek, gehienez, 20 puntu eskuratzeko aukera emango baitu eta eman beharreko zerbitzuaren proiektuak berriz, 80 puntu.
Udalak, abian jarri berri duen lizitazioaren bidez, haur eta nerabeei zuzendutako hiru zerbitzuak urtebeterako kontratatuko ditu beste bi urtez luzatu daitekeelarik.

  Interesa duten enpresek, hilaren 19ra arteko epea dute dagozkien eskaintzak udal bulegoetan aurkezteko.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!