Txaloka ludoteka eraberrituak ostiralean berrirekiko ditu ateak, Lizaur kaleko 5ean

2020/01/08
Gaztelekuko sotoko zerbitzua larunbat arratsaldean jarriko da berriro martxan

  Lizaur kaleko  5. zenbakiko eraikina eraberritzeko lanak baliatu dira Txaloka udal ludoteka berrantolatu eta espazioa proiektu hezitzailearen beharretara egokitzeko. Oztopo arkitektonikoak kendu dira eta gunea neska-mutikoen beharrizanetara egokitu da, eremu estimulatzaile, seguru, malgu, funtzional, estetiko eta goxoa prestatuz.

  Txaloka ludoteka berrituak ostiralean irekiko ditu ateak. 17:30etik 20:00etara bitartean inaugurazio festa egingo da ludotakan, tartean, 18:30tan, Aiert Alberdik kontzertua eskainiko du eta luntxa erre izango da bertaratzen diren guztientzat. Datorren astetik aurrera berriz, urtarrilaren 31ra bitartean, ate irekiak egingo dira ludotekan, ezagutu nahi duten herritar guztientzat.

  Txaloka ludotekan material ez egituratuaren aldeko apustua egin dute, hau da, helburu konkretu edo zehatz bat ez duten materialak erabiltzen dituzte, haurrek, beren behar eta irudimenaren arabera libreki erabili dezaten. Hala, jolas espontaneoa eta sinbolikoa ahalbidetzen da, sormena eta besteekiko elkarrekintza sustatuz.

  Txaloka ludoteka 3 eta 8 urteko haurrei zuzenduriko udal zerbitzua da. Astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 16:45 eta 19:45 artean. Bertako erabiltzaileek kuota ordaindu behar dute, 60 euro urtean, edo 6 euro hilean. Familia bereko bigarren umearen urteko kuota berriz, 50 euro da eta hirugarrenarena, 40 euro. Badira ordea, hainbat hobari, zerga ordenantzan zehaztuta dauden baldintzak betetzen dituztenentzat. Ludotekara joateko izena, ikasturteko edozein unetan eman daiteke.

  Ludotekako obrak egin bitartean, zerbitzua, Gaztelekuko sotoan eskaini da, behin-behinean. Beraz, ludoteka Lizaur kalean berrirekita, Gaztelekuko sotoak bere ohiko martxa berreskuratuko du zapatutik aurrera, eta 0-7 urte bitarteko haur eta zaintzaleentzako espazio bihurtuko da berriro. Sotoaren berrinaugurazio ekitaldia, zapatuan 17:00etan hasiko da eta bertaratzen direnentzat merendola eta eskulanak izango dira, besteak beste. Astelehenetik aurrera berriz, ohiko ordutegian egongo da erabilgarri, hau da, 17:00etatik 19:45era eta, asteburuetan, goizez ere bai, 10:30tatik 13:00era.

Iturria: Oñati Irratia