Txaketuaneko bidegurutzea zaintzeko jarri zen kamera manipulatu zuten pertsonak identifikatu nahi dira

2018/05/08
Inguruko kameretako irudiak eskatu ditu udaltzaingoak

  Pasa den astearen hondarrean jarri zen Unibertsitate etorbideko zutabe batean Txaketuaneko bidegurutzea kontrolatuko lukeen kamera. Larunbat goizean ordea, 6:30-7:00ak aldera, kamera manipulatu eta gorantz begira jarri zuten bi gizonezkok. Furgoneta batera igota eta makil edo adar luze baten laguntzaz egin zutela ikusi dute udaltzainek, inguruko beste kamera batek hartutako irudiei esker. Orain, eta aipatu bi pertsonak identifikatu ahal izateko, unibertsitate etorbidera zuzenduta dauden inguruko beste kameretako irudiak eskatu dituztela adierazi digu udaltzain buruak.

  Manipulatu den kamera Txaketuaneko bidegurutzea trafikorako itxita dagoenean baimendutako ibilgailuak soilik pasatzen direla zaintzeko propio jarri zen kamera da eta manipulatu ez ezik, kaltetuta ere egon litekeela uste da. Hala bada, manipulatu dutenei kalte-ordaina eskatuko lieke udalak. Kameraren instalazioak 6000 euroko kostua izan du.

  Unibertsitate etorbideko 4 zenbakian dagoen zutabean kamera bakarra jarri zen, bertatik, Unibertsitate etorbidetik bi norabideetan pasatzen diren ibilgailuak eta Kale Zaharra edo Foruen enparantzako sarrera ere kontrolatzen delako. Ez du ordea, asko iraun, zapatu goizean manipulatu eta gorantz begira jarri zutelako bi gizonezkok. Oraingoan kamera izan da baina aurrez, bidea mozteko jartzen diren hesiak apurtu edo botata agertu dira sarritan, eta denbora mugatuz aparkatu daitekeen guneetan jarri ziren parkimetroak ere kaltetu izan direla adierazi digu alkateak. Mugikortasun Jasangarrirako planean jasotako neurriak gauzatzeko bitartekoak dira guztiak, oinezkoentzako guneak irabazi eta hauen segurtasuna eta bizi kalitatea areagotzea helburu dutenak.     

  Zapatu goizean manipulatu zen kamera zenbateraino kaltetu den errebisatu beharko dute teknikoek eta kamera bera, edo beste bat jarriko da unibertsitate etorbidean berriro, inguruko trafikoa zaindu ahal izateko.        

Iturria: Oñati Irratia

Unibertsitate etorbideko kamera manipulatu aurretik