Txaketuaneko bidegurutzea hesiz itxiko da berriro asteburutan, inguruko seinaleztatzea osatu arte

2018/06/29
Card image cap
Pasabidea kameraz soilik kontrolatzeko neurriak porrot egin zuen pasa den ostiralean

  Txaketuaneko bidegurutzea trafikorako itxita dagoenean baimendutako ibilgailuak soilik pasatzea lortu nahi da. Ibilgailuen matrikulak irakurtzeko gai den kamera jarri zen parrokia parean eta ingurua kontrolatzen zenaren seinaleak ere bai, baina bidea mozten hilabeteetan jarri ohi zen hesirik ez zen ipini pasa den ostiral arratsaldean. Gidariek ez zieten seinaleei kasurik egin eta bidegurutzean aurrera egin zuten; ez batek, ez bik, ordubetean 60 gidarik baino gehiagok aurrera nola egiten zuten ikusten da kamerak grabatutako irudietan. Horrek oinezkoentzat zuen arriskua ikusita pasabidea ixteko hesiak jartzea agindu zuen alkateak. Eta hala egin zen ostiral iluntzean eta zapatu eta domekan.

  Gaur ere, 16:00tan hesiak jarri dira berriro Unibertsitate etorbidean eta Bakardadeko ama kalearen barrenean. Bitartean inguruko seinaleztatzea hobetzeko ikur berriak eskatu dira.

  Txaketuaneko bidegurutzea trafikorako itxi egiten da ostiral arratsaldetan, larunbat eguerditik igande gauerdira eta jaiegunetan. Neurria ez da berria, urtebete baino gehiago da indarrean jarri zela, baina pasa den ostiralean ikusi zenez, hesiak topatu ezean, gidariek aurrera egiten dute inguruan dauden seinaleei kasurik egin gabe. Gaur arratsaldean hesiak jarri dira berriro eta pasa den astean martxan jarri zen kamerak irudiak grabatuko ditu.

  Trafikora itxitako gunetik baimenik gabe pasatzen den ibilgailuaren jabeari 200 euroko isuna jarri dakioke. Pasa den astean araua bete ez zutenak ez dira zigortu baina aurrerantzean, bereziki zainduko dira debekua urratzen dutenen jokaera.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!