Txaketuako bidegurutzea astelehenetik aurrera zabalik mantenduko da

2017/05/19
Aste bukaeratan, ostiral arratsaldez eta zapatu eguerditik aurrera itxiko da

  Txaketuako bidegurutzea autoentzat asteburuetan bakarrik ixtea erabaki zuen gobernu taldeak pasa den astean. Egun hauetan, abiadura eta sarrera arauak betearazteko neurri teknikoak aztertzen ari dira udal arduradunak.  Neurri horien ezarpenak denbora bat beharko duela ikusi da, eskatzen dituzten baliabide teknikoak anitzak eta konplexutasun maila batekoak direlako. Horiek ezartzearen zain egon gabe, Txaketuako bidegurutzea trafikorako astelehenetik aurrera jada zabalik mantentzea erabaki da. Astelehenetik aurrera beraz, Zazpibidietako bidegurutzea ez da eguerdian itxiko. Ez astelehenean ezta ondorengo egunetan ere, ostiral arratsaldera arte. Asteburuetan bai bidegurutzea itxi egingo da ingurua oinezkoentzat gordeaz. Ostiraean 16:00tan itxiko da bidegurutzea baina larunbat goizean berriro irekiko da eta oinezko kaleetan zamalanak egiteko ordutegian zabalik egongo da, hau da, 7:45tatik12:00ak arte. Eguerdian itxiko da eta hala mantenduko da igande gauerdira arte. Hortik aurrera ibilgailuentzako pasoa berriro irekiko da.

  Zazpibidieta edo Txaketuako bidegurutzea motordun ibilgailuentzat ixteko proba pilotua  martxoan hasi zen. Hiru hilabeteko epea finkatu zen probaren eraginkortasuna baloratu ahal izateko, baina bitartean, udal ordezkariak herritarrekin eta eragile ezberdinekin harremanetan izan dira. Azaldutako arazo eta kezkak aztertu eta baloratuta, bidegurutzea astelehenetik ostiralera zabalik mantentzearen egokitasuna ikusi du gobernu taldeak. EAJko zinegotziek ere, bidegurutzea berehala zabaltzea eskatu dute astean.

  Gehiegizko abiadura eta bestelako balizko lege hausteak kontrolatzeko bitarteko teknikoak jarriko dira inguruan baina neurri horiek ezartzearen zain egon gabe, astelehenetik aurrera jada, Txaketuako bidegurutzea zabalik mantenduko da, beti ere, ostiral arratsaldera arte.

Iturria: Oñati Irratia