Turistek Oñatira hurbiltzen jarraitzen dute.

2014/09/04
Abuztuan bereziki talde txikitan, familia edo bikoteka etorri dira. Eta etorri ez ezik, asko, gurean lo egiten egun gehiagotan geratu dira.

  Turismo arloan lanean diharduten gidari eta ostalariak pozik daude, 2014ko uda ona izan dela aipatu digute.

  Abuztuan, iaz baino jende gehiago etorri da Oñatira eta lotan geratu direnak ere, bere egonaldia pitin bat luzatu dute aurreko urteekiko. Horrek, herriko ostatuak egun gehiagotan beteago egotea ekarri du. Egonaldien datu bateratu konkreturik ez dugu baina bai OINATUR, herriko turismo zerbitzuak kudeatzen dituen enpresaren datuak; zehazki, Turismo Bulegoan eta Arrikrutzen izan dituzten bisitarien kopuru eta jatorriari dagozkionak.

  Turismo bulegotik,  3.552 lagun pasatu dira uztaila eta abuztuan zehar. Arrikrutzetik berriz, ia 3.100. Batean zein bestean, gehiengoa, Euskal Herritik bertatik hurbildutako bisitariak izan dira baina aipagarria da, estatutik, Katalunia, Valentzia, eta Madril eta Andaluziatik etorritakoak izan dira ugarienak. Turismo bulegoan, andaluziarrak madrildarrak baino gehiago izan dira, Arrikrutzen aldiz, madrildarrak gehiago. Eta Arantzazu aldeko ostatuetan ere aurten bertaratu diren andaluziarrak bereziki aurreko urteetan baino gehiago izan direla azpimarratu digute. Nonbait, kostaldeko hainbat herritan igarri duten “ocho apellidos vascos” filmearen eragina Oñatiko ostatuetan ere antzeman dute.

  Atzerritarren artean berriz, Frantziako bisitariak izan ohi dira gurean ugarienak eta aurten ere hala gertatu da. Turismo bulegoan gainera, aldea oso esanguratsua da. Kanpotik etorritako bisitarien erdiak frantziarrak izan baitira. Arrikrutzen, atzerritarren presentzia parekatuagoa dago. Han ere, frantziarrak izan dira ugarienak, baina Herbeheretatik etorritakoak asko izan dira. Ondoren, Erresuma Batua, Alemania eta Italiako bisitariak lirateke. Aurten,errusiarrak ere iritsi dira Arrikrutza, halako 23 izan baitituzte koba ezagutzen.

  Uztaila eta abuztuko datuak izan dira horiek, uda beteko bi hilabeteetako datuak alegia. Baina batetik bestera izan da alderik, bereziki Turismo Bulegora hurbildu diren bisitarien kasuan. Uztailean gehienak talde handitan, autobusetan bidaiatzen zuten bisitariak izan baziren ere, abuztuan, familia, bikote edo lagun talde txikitan etorritakoak izan dira. Baina urte sasoiaren araberakoa izan ei da hori, irailerako berriro, talde handitan datozen bisitariak espero baitituzte.

  Jakina da iraila hilabete berezia dela gurean. Horretxegatik, udako ordutegiarekin jarraituz, Turismo bulegoa egunero zabaltzen da, 9:30-14:00 eta 15:30-19:00 etara. Arrikurtz berriz, astelehenetan itxita izaten da eta gainontzeko egunetan, 9:30-14:30 eta 15:30-19:00 irekitzen da.

Iturria: Oñati irratia