Turismo bulego eta Txokolateixiaren bisita gidatu berezien eskaintza osatuz, Geo-ibilbide aukera zabala gertatu da aurtengo udarako

2016/07/07

  Hasi dira udako lehen turistak Oñatira iristen. Kopurua, astez aste eta bereziki abuztuan handituko den arren, herriko turismo zerbitzu ezberdinak bisitariak hartzeko gertu daude jada. Turismo bulegoan, Arrikrutzen eta Txokolateixian, herria ezagutarazteko eskaintza berezia martxan dute.

  Turismo bulegoan esaterako, eguneko turistek eskatu ditzaketen bisita gidatuez gain, asteburutan bisita programatuak betetzen dituzte: 13.00tan eta 17.00tan, unibertsitatea eta parrokia ezagutzeko bisitak egiten dira zapatu eta domeketan.

  Txokilateixian ere abuztuan, eguerditan, bisita gidatu programatuak egingo dira. Uztailean eta irailean, bisita gidatuak aurrez eskatu beharko dira 605 763 595 telefonora deituta. Txokolateixia, uztaila eta irailean, astelehenetik larunbatera, 10.30etatik 13.30tara eta igandetan, 11.00etatik 13.30tara zabalik egongo da, astelehenetik ostegunera gainera, 17.00etatik 20.00etara edo ostiraletan, 19.00ak arte ere irekita egongo da. Abuztuan, astelehenetik igandera, 10.30etatik 14.00tara irekiko da eta astearte eta ostegunetan, 18.00etatik 19.15tara. Bi arratsalde horietan, 18.15tan bisita gidatuak egingo dira.

  Baina jakina da Oñatiko arkitektura eta historia, inguru natural paregabeaz osatzen dela, eta horren zabalkundea ere egin asmo da. Hala, geo-ibilbideak landu dira. Arrikrutz-ko koban egunero egin daitezkeen bisitez gain, ohiko pasarelatik kanpo eta espeleologoen esperientziak bizitzeko, espeleo-abentura eskaintza zabala gertatu da bereziki uztaila eta abuzturako. Haurrei zuzenduta, espeleo-txiki bisitak egingo dira asteazkenarekin etorriko diren uztailaren 13, 20 eta 27an goizez, 10.00tan, eta zapatuarekin etorriko diren uztailaren 16, 23 eta 30ean eta abuztuaren 6 eta 20an, 15.30tan. 18 urtez gorakoei zuzenduta berriz, uztailaren 17an, espeleo-Arrikrutz egingo da 9.30tan.
Arrikrutzeko ohiko nahiz ez-ohiko bisita horietan parte hartzeko, aurrez erreserba egin behar da honako telefono zenbaki honetara deituta: 943 082000.

  Arrikrutz ez ezik, inguruko geologia bitxiak ezagutzeko aukera ere izango da aurten. Hala, abuztuaren 14rako Aitzulora eta irailaren 24an Urbiara, geo-ibilaldiak antolatu dira.

Iturria: Oñati Irratia