Traste zaharren auzoetako bilketa zerbitzua Mankomunitateak beteko du aurrerantzean

2018/01/10
Card image cap
Materiala mini-gune edo ekarpen guneetara eraman beharko da

  Auzoetako traste zaharren bilketa zerbitzua udal langileek bete izan dute azken urteetan. 2003an ekin zioten zerbitzua emateari eta hala eskatzen zuten auzotarren hondakin handiak hileko bigarren ostegunean jaso ohi zituzten. Aurrerantzean berriz, landa-eremuetan traste zaharrak biltzeko zerbitzua UTE Debagoienak beteko duela jakinarazi dio mankomunitateak udalari. Hau da, herrigunean zerbitzua ematen duen enpresa berberak.

  Biltzaile berriak hainbat aldaketa ekarriko ditu zerbitzuan: batu behar diren hondakinak auzoetako mini-gune edo ekarpen-guneetara eraman beharko dira; zerbitzua ostiral goizetan emango da eta auzotarrek ostegun iluntzetan atera beharko dituzte traste zaharrak, 20:00tik 22:00tara bitartean. Hondakinak atera aurretik telefonoz (943.711938) deitu beharko dute, zer eta nora aterako duten jakinarazteko.

  Udalak ontzat eman du traste zaharren auzoetako bilketa mankomunitateak bere gain hartu izana. Baina zerbitzu osagarri bat eskainiko du bolumen handiko trasteak ateratzeko asmoa duten auzotarren eskura. Halakoak mini-gune eta ekarpen-guneetara eramateko zailtasunak dituzten auzotarrek, orain arte bezala, baserri edo etxetik hurbileko errepidera aterata udal zerbitzuko langileek jasoko dituzte. Kasu berezietan izango da soilik, eta horiek ere, telefonoz jakinarazi eta adostu beharko dituzte auzotarrek eta udal zerbitzuko ordezkariek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!