Trafikoari eragingo dioten hainbat asfaltatze eta margotze lan egingo dira astean

2018/07/09
Bakardadeko Ama eta San Anton kaleak itxita daude eta etzi berriro itxiko dira, asfaltatzeko

  Gipuzkoako urak enpresak ur hoditeria aldatzeko egin zituen lanak probestu dira beste hainbat hobetze lan egin eta Bakardadeko Ama kaleko irisgarritasuna egokitzeko. Kalearen argiteria hobetu du udalak. Gainera, Bakardadeko Ama eta San Anton kaleek bat egiten duen gunean plataforma eratuko da, Euskadi etorbideak eta Kurtzebidek bat egiten duten gunean egokitu zenaren modukoa. Jasoko den bide tartean dauden erregistroen kota jaso behar da eta horretan ari dira gaur goizetik. Ondorioz, Bakardadeko Ama  eta San Anton kaleak itxita daude trafikorako. Bidea, Urtxin loradenda paretik San Anton kalera bitartean itxi da. Txaketuaneko bidegurutzetik gora Portu kalera ordea, sartu liteke. San Anton kalera joateko bide bakarra dago une honetan, hau da, Errekaldetik igo eta Zumeltzegi dorretik behera. Kale mozketa honek arratsaldeko 18:00ak arte irautea aurreikusten da. Bihar, kotaz jaso diren erregistroak behar bezala seinaleztatuko dira baina errepidea zabalik izango da, eta etzi, asteazkenean, berriro itxiko da asfaltatze lanak egiteko. Aurreko lanetan egin ziren zangak asfaltatuko dira eta aipatu plataforma egingo da. Asteazkenean beraz, 8:00tatik 18:00tara Bakardadeko Ama eta San Anton kalea trafikorako itxi egingo dira berriro.

  Eta tarteko egunean, bihar alegia, margotze lanak amaituko dira. Azken asteotan hainbat margotze lan egin dira herrian eta azkenak bihar osatzea aurreikusten da: Bidebarrieta kalean Bertakoen aparkalekuak bereizten dituzten marra berdeak berriro margotuko dira; Ibarra zelaian CEGASA aldamenean kamioi aparkaleku izan direnak auto aparkaleku bihurtuko dira eta kotxea uzteko gune txikiagoak marraztuko dira; eta azkenik, Berezao auzoan, Santa Lutziatik Agerre baserrirako bidean errepide izkinako marra zuriak margotuko dira. Moiua kalean eta beste zenbait lekutan margotze lan puntualak egingo dira.
Margotze lan hauek egiteko ez da errepiderik itxiko baina baliteke behin behineko eten txikiak egin behar izatea. Halako lanak adierazten duten kartelei kasu egin eta langileek esandakoa betetzea eskatzen dute udaltzainek.

Iturria: Oñati Irratia