Trafiko mozketak izango dira bihartik ostiralera bitartean San Martinerako bidean, Maria Irizar kalean eta Euskadi etorbidean

2020/03/10
Card image cap
Ur hoditeria berritzeko lanek eragindako errepide mozketak dira

  Maria Irizar kalea guztiz moztuta egongo da bihar. Ur hoditeria aldatzeko lanak Maria Irizar kaleak eta Euskadi Etorbideak bat egiten duten inguruan egingo dira. Ondorioz, garajea Maria Irizar kalean dutenek, Martzelino Zelaia kaletik eta Etxaluzetik gora joanda sartu beharko dute. Hori, bihar, asteazkenez soilik izango da.

  Asteazkenetik ostiralera bitartean San Martinera igotzeko erraila itxiko da, zubi parean. GI 2630 errepidetik San Martinera igotzeko erraila trafikorako moztu egingo da, ur hodi berria sartzeko. Ondorioz, Herribusak eta Murgia aldera doazen kamioiek Bidaurretako errotondan bira eman  beharko dute eta San Martingo errepidean berez irteteko den errailetik gora joan beharko dute. Langile bat izango da bidea ematen, istripurik gerta ez dadin. San Martinerako sarrera puntu horretan erraila moztuta izango da ostiral ilunkarara arte.

  Azkenik, Euskadi etorbidea trafikorako berriro moztuko da ostegunean eta ostiralean. Pasa den astean geratu bezala, etzi eta etzidamu, Euskadi etorbidearen goialdea ibilgailuen trafikorako itxi egingo da, Euskadi etorbidea 11 eta 16 zenbakidun eraikinen arteko tartean. Ondorioz, Bidaurretako errotondatik doazen autoak Kurtzebide kalera desbideratuko dira eta Santa Marina plazatik doazenak Maria Irizar kalera (argazkian ikusi daitekenez). Euskadi etorbidearen behealdea trafikorako irekita mantenduko da, Maria Irizar kalearen paretik Santa Marina plazara bitarteko tartea, alegia.

  Errepide eta kale mozketa guzti hauek Gipuzkoako Urak enpresa egiten ari den lanen ondorio dira. Azken asteotan ur edangarriaren hoditeria berritzen ari dira Roke Azkune kaletik San Martingo zubira bitartean eta Euskadi Etorbidean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!