Oñatiko udala

Torturaren Ikerketa Proiektuaren gaineko argibideak emango ditu Paco Etxeberriak bihar

2016/02/17
Card image cap
Oñatiko Euskal Memoria taldeak antolatu du hitzaldia

  Paco Etxeberria auzi medikuak Torturaren Ikerketa Proiektua zuzentzen du. Eusko Jaurlaritzaren enkarguz egiten ari den lan honen helburua 1960tik gaur egun arte Euskal Herrian izandako tortura kasuak ikertzea da. Etxeberriak zuzentzen duen ikerketa taldeak 5000 tortura kasuren berri jaso du orain arte eta horietako 45 sakon ikertu ditu. Ekainerako beste 200 ikertzeko asmoa dute. Baina torturak frogatzeko lana zaila eta konplexua da. Testigantzak Istanbulgo protokoloaren arabera egiaztatzen ditu ikerketa talde honek.

  Oñatiko Euskal Memoria Taldeak antolatu duen hitzaldian, Torturaren Ikerketa Proiektua ze egoeratan dagoen, zein helburu duen, Istanbulgo protokoloak zein metodologia zehazten duen eta lan taldean zein arlotako ikerlariak ari diren azalduko da, besteak beste.

  Oñatiko Euskal Memoria Taldeak torturaren gaia landu zuen duela urte batzuk eta hainbat herritarren testigantza eta datuak jaso zituen. Egindako lan hori Torturaten Ikerketa Proiektua lantzen ari direnen esku utziko da. Horregatik, bereziki garrantzitsua da Oñatiko Euskal Memoria Taldekoen iritziz herritarrek proiektuaren berri izan dezatela. Eta helburu horrekin gonbidatu dute Paco Etxeberria, ikerketa taldearen zuzendaria, Oñatira. Auzi medikuak emango duen hitzaldia gazteleraz izango da. Hitzordua, Santa Ana antzokian bihar, 19.00tan da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!