100en bat herritarrek parte hartuko dute Beskoitzeko Euskararen Egunean, bihar
Txantxiku ikastolatik sustatu da bereziki Beskoitzeko jaian parte hartzeko ekimena eta autobusa antolatu da egunean bertan Beskoitzera joan-etorrikoa egin ahal izateko. 60 plazako autobusa beteta joan da, eta herritarrekin batera udal ordezkariek eta Oñatz dantza taldeko eta Aloña Mendiko pilota saileko hainbat kidek bidaiatuko dute, partaidetza berezia izango baitute biharko Euskaren Egunean.
Beskoitzeko lagunei Oñatin iaz egin zitzaien bezala, oñatiarrei harrera egingo diete Beskoitzeko Herriko Etxean. Izaro Elorza alkateak eta Iñaki Olalde Euskara batzordeburuak osatuko dute Oñatiko udal ordezkaritza. Arratsaldean egingo diren pilota eta euskal dantzen ekitaldian berriz, gure pilotariek eta dantzariek parte hartuko dute. Baina Beskoitzeko Euskararen Eguna goizeko 11etan hasiko da haur eta helduentzako tailerrekin, ondoren, zintzur bustitze alaitua eta herri bazkaria izango da, eta bazkalostean, esan bezala, pilota partidak eta euskal dantzak 19:00ak arte.
40ren bat lagunek ordea, asteburu osora zabalduko dute Beskoitzeko plana eta gaur-bihar bitarte joango dira beraien kotxez edo autokarabanez. Ahurtiko La Ferme des 4 Chenes kanpinean ostatu hartuko dute eta domekan Beskoitzen barrena bisita gidatua egin edo bertakoek antolatutako mendi irteeran parte hartu ahal izango dute.
Euskara eta euskal kultura ardatz hartuta, eta ikastola lotura haria dutelarik, sortu zen Oñati eta Beskoitze herrien arteko harremana, orain zazpi bat urte dela. 2019an Manex Pagola omendu zen eta geroztik beste hainbat proiektu bateratu gauzatu dira, euskara oinarri hartuta, esan bezala. Biharko Beskoitzeko ospakizuna ere halaxe izango da. Euskararen Eguna.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!