Torreauzoko zubiarekiko paralelo joango den plataforma egin eta bidegorria Usako-Zuazolaraino luzatzeko azterlana eskatu da

2020/06/30
Zirkulazio arazoak konpontzea da helburua

  Oñati-Elorregi bidegorria egiteko hasierako proiektuan, Torreauzoko zubi parean, honekiko paralelo joango litzatekeen zubi-plataforma berria eraikitzea aurreikusten zen. Ez zen egin eta horren ordez, harrizko zubiaren bi erreietako bat bidegorriarentzat gorde eta aldizkako pasoa emateko irlatxoak egokitu ziren. Galtzada estutzeak trafiko astunean arazoak sortu ditu hasieratik. Ez da ahaztu behar Chinchurreta enpresara bueltaka, bereziki, karga handia daramaten kamioiak ibili ohi direla.

  Arazoari konponbidea eman asmoz, bidegorriaren proiektuan Torreauzoko zubi parean aurreikusten zen zubi-plataforma egin ahal izateko oinarrizko azterlana eskatzea erabaki du Udalak. Bide batez, bidegorria Zuazolako zubiraino luzatzeko aukearen azterketa ere egingo da. Udalak, bata zein besteak izango lukeen kostua ezagutu nahi du. Lana, Injelan enpresari eskatu zaio.

  Behin azterlana eskutan, Foru Aldundira jotzeko asmoa du Udalak. Izan ere, zubi-paraleloa eta bidegorri zati berria egokituko liratekeen Urrexolarako errepidea, GI-3593 errepidea, Foru Aldundiaren jabetzapekoa baita. Foru Aldundiari baimena eskatu ez ezik, lanen kofinantzaketarako aukerak ere aurkeztu dakizkioke. Baina hori, gerora izango litzateke. Oraingoz, zubi paraleloa eta bidegorri zati berriaren kostua zehaztuko duen azterlana eskatu du Udalak.

Iturria: Oñati Irratia