TOBERA herri antzerki satirikorako prestaketa lanek aurrera darraite.

2012/12/15
Sarrerak salgai daude gaurdanik.

  Datorren eguaztenean Osoko Bilkura farsa egingo da eta Tobera ikuskizuna bera, inoxenteen egunean, hilaren 28an jokatuko da. Gogoratu, Debagoienak Oñati epaituko duela.

  TOBERA “Bagara” elkartearen ekimenez gauzatuko da. Iaz, Bergarak Arrasate herria epaitu bazuen, aurten, Debagoiena osoa izango da Oñatiren kontra joko duena. Oñatiko herriaren inkomunikazioa, inkomunikazio interesatua dela leporatuko diote eskualdeko herriek. Akusazioa onartu eta epaiketara jo ala ez, dena den, Oñatiko herriak onartu behar du eta horretarako Osoko Bilkura farsa egingo da datorren eguaztenean.

  Lehenik, pregoilariak auziaren berri emango du, alegia, Debagoienako herriek Oñatiren kontra egin asmo dutela. Ondoren, Oñatiko herriaren defentsa abokatuak, akusazioak azalduko ditu eta propio eratutako udalbatza bereziak epaitegira jo ala ez erabaki beharko du.

  Osoko bilkura farsa hau eguaztenenean udaletxean egingo da arratsaldeko 6.30tatik aurrera. Herritarrak bertaratzera deitzen dira. Jakinik, hori bai, epaiketa egin-egingo dela eta hori inoxenteen egunean, abenduaren 28an izango dela Zubikoako pilotalekuan. Sarrerak, gaurdanik jada salgai daude Kale Barriako Txokolaterixian, eta internetez, www.barrabarra.eu atarian. Sarrerak, 8 eurotan saltzen dira.  

Iturria: Oñati irratia