Tertulixan eta psikologia saioak on-line egingo dira

2020/04/06
Card image cap
Irakurle talde ezberdinen apirileko jardun bateratuak on-line egitea erabaki du udal liburutegiak

  Euskara, gaztelera eta psikologia gaien irakurle taldeen apirileko saioak bertan behera utzi edo beste bitarteko batzuk erabiliz egitea erabaki behar izan dute udal liburutegiko arduradunek, indarrean den konfinamendu egoerak ez baitu aurrez aurreko saioak egiteko aukerarik ematen. Hala, on-line egitea erabaki dute.

  Elkarrekin konektatzeko aukera ezberdinen berri eman du liburutegiak sare sozialen bidez. PC edo portatil bidez konektatzen direnek liburutegiko arduradunek bidalitako loturan klikatu beharko dute. Hala ere, sartzerik ez dutenei, lotura kopiatu eta Google Chrome nabigatzailean txertatzea gomendatzen diete. Kamera eta mikrofonoa baimenduta egon beharko dira. Tablet edo mugikorraren bidez konektatzen direnek berriz, Jitsi izeneko aplikazioa deskargatu beharko dute.

  Gaztelerazko Tertulixan saioa izango da on-line egingo den lehen saio bateratua. Apirilaren 9rako finkatu da eta Mariana Enriquezen Las cosas que perdimos en el fuego liburuaz arituko dira, Ivan Repila dinamizatzaile delarik. 14an, psikologia taldearen jarduna gidatuko du Silvina Fondrak. Talde honek Empar Molinerren Todo esto lo hago porque tengo mucho miedo idazkia aztertuko du. Azkenik, apirilaren 17an, Euskarazko irakurle taldearen Tertulixan saioa egingo da eta Castillo Suarezen Irautera liburuaz arituko dira.

  Tertulixan eta psikologia saioak 17:30tan hasiko dira baina 15 minutu lehenago konektatzea gomendatzen dute liburutegiko arduradunek.

  Apirilean irakurtzeko liburuak banatu ezinda geratu direnez, apirilaren 23an Liburuaren Nazioarteko Eguna
ospatzen dela gogoan hartuta, on-line hitzaldi irekiak eskainiko dituzte Yurre Ugartek eta Ivan Repilak. Izenburuak eta saioen estekak datozen egunetan argitaratuko dira baina dagoeneko aurreratu daiteke Repilaren saioa apirilaren 22an izango dela eta Ugarterena, 23an. Biak, 17:30tan.

  Maiatzeko saioak berriz, ekainera atzeratuko dira, momentuz. Udal liburutegiak hilero antolatzen dituen gainontzeko ekintzak, ipuin kontaketak, idazketa saioak etab. atzeratzea erabaki da, aurrez aurrekoei lehentasuna emanez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!