Terrazen eremua bikoizteko aukera eman die Udalak ostalariei

2020/05/13
Card image cap
Krisi aurretik zuten mahai kopuru bera eremu handiagoan jarri ahal izango dute, lekua dagoenean

  Alkate Dekretuz onartu da ostalaritza terrazen eremua bikoizteko aukera ematea eta bete beharreko baldintzak. Espainiako Gobernuaren normaltasun berrirako Trantsizio Planaren arabera, taberna eta jatetxeek terrazak irekitzeko aukera dute % 50ean, hau da, mahai eta aulki erdiekin beraien arteko distantzia mantenduz. Hala ere Planak berak terrazen azalera handitzeko baimena emateko aukera aitortzen die Udalei, oinezkoen arteko eta baita mahaien arteko osasun kontrola eta urruntze-soziala betetzeko. Ondorioz, Oñatiko udalak azalera bikoizteko aukera eskaini die ostalariei, sektoreari laguntzeko helburuarekin.

  Terrazek azalera bikoitza hartzeko baimenak epe jakina dauka, larrialdi egoerak irauten duen bitartean, eta beti ere posible den guneetan aplikatuko da. Azalera bikoitza izateak ez du esan nahi mahai kopuru bikoitza jar daitekeenik, baizik eta krisi aurretik udalak baimendu zuen mahai kopuru bera muntatu ahal izango dela, eremu handiagoan jarrita.

  Baina baldintza batzuk zehaztu dira, esan bezala, terrazen eremua bikoiztu ahal izateko. Mahai eta aulkien kokapenak etxeen sarrerak errespetatu egin beharko ditu, inolako trabarik sortu gabe.Oinezkoen kaleetan oinezkoen joan-etorriak errespetatu beharko dira, 2 m-ko gutxieneko bidea utzita. Bikoiztutako eremuan ezingo da lehen zeuden baino mahai gehiago jarri, espazioa mahaien arteko distantzia handitzeko erabiliko baita. Dena den, 5 mahai baino gutxiago baimenduta zuten ostalariek bost mahai ipintzeko aukera izango dute orain, taberna/kafetegien zerbitzua terraza zerbitzura mugatuta dagoela baloratu baitu Udalak. Mahai eta aulkiak jaso eta terrazaren eremua egunero garbitzearen ardura ostalariarena izango da eta beti ere Taberna aurrealdeko mahai eta aulkiak jartzeko Udal Ordenantzan ezarritako baldintzak bete beharko dira.

  Udala herriko ostalariekin harremanetan egon da, bi hilabetez itxita egon ondoren sektorea nola suspertu elkarrekin adosteko. Oraingoz terrazen eremua bikoiztuta baimenduta duten mahai kopurura mantentzeko aukera eramate erabaki da. Eskaerak udaletxean aurkeztu behar dira eta kasu bakoitza aztertuko da, zenbait gunetan, Atzeko kalean esaterako, lokal kontzentrazioa handia eta lekua mugatua delako.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!