Telematikoki egingo da martxoko Osoko Bilkura, gaur arratsaldean

2020/03/26
Covid 19 pandemiaren aurrean udalak hartu dituen neurrien berri emango da, besteak beste

  Hileko azken ostegunero bezala udalbatzak Osoko Bilkura egingo du gaur arratsaldean baina bakoitza bere etxetik, egoerak hala eraginda. Telematikoki elkartuko dira. 18:00tan hasiko dira konexio probak egiten eta gauzak ondo, 18:30tan hasiko da martxoko plenoa.

  Lan zerrendan 12 gai jaso dira. Tartean, Covid 19 pandemiaren aurrean udalak hartu dituen neurrien eta alkateak izenpetu dituen bandoen berri emango zaie udalbatza osatzen duten kideei. Otsaila eta martxoan zehar alkate dekretuz onartutakoak ere azalduko dira.

  2019ko udal kontuen likidazioa eginda, soberakina 2020ko aurrekontuetan txertatzeko kreditu aldaketarako espedientearen berri emango da gaurko bileran. Enpresa berriak sustatzeko udalak eman ohi dituen dirulaguntzen oinarriak azalduko dira eta horiek onartuta, 2020ko deialdia egitea proposatuko da. Langile baten jubilazioa, Elkarkidetzari ordaintzen zaizkion kuoten igoera eta udalak Kantoikrit eta Aloñako igoera probetako antolatzaileekin dituen lankidetza hitzarmenak berrritzeko proposamenak ere aztertuko dira martxoko osoko bilkuran.

Iturria: Oñati Irratia