Oñatiko udala

Taxi tarifen berri emango da gaurko tokiko gobernu batzarrean.

2014/01/09
Card image cap
Gaia, urriko osoko bilkuran aztertu eta onartu zen, Merkataritza Delegazioari bidaliz, espedientea osatuta Euskadiko prezioen batzordeari helarazi ziezaion.

  Gaian konpetentzia duten erakunde ezberdinen onespenerako tramitazioa beteta, taxi garraioaren 2014ko tarifak udalera itzuli dira. AGITAX Gipuzkoako taxisten elkarteak  taxi tarifak  2014an ehuneko 2,3 igotzea proposatu zuen, hau da, Gipuzkoako KPIaren maila berean igotzea proposatu zuen. Debagoienean aplikatuko diren tarifak bateratuak izan zitezen gaia Mankomunitatean onartu zen eta ondoren Osoko bilkurak berretsi zuen. Euskadiko Prezioen Batzordeak ere argi berdea eman diela jakinaraziko da gaurko gobernu batzarrean.

  Igoera horren arabera, urte hasieraz geroztik, Oñatiko taxien abiasaria 3 euro eta 51 xentimo da. Egindako kilometro bakoitzeko euro eta 10 xentimo kobratuko da eguneko zerbitzuetan eta euro eta 75 xentimo jaiegun, asteburu edo gaueko zerbitzuetan. Itxaron orduaren prezioa ere ezberdina da egunaren eta orduaren arabera, eguneko zerbitzuetan 21 euro eta gaueko edo asteburuetako zerbitzuetan 33 euro.

  Baina auto taxietako garraioaren tarifa hauen berri emateaz gain, Bide Azpiegituretako zuzendari nagusiaren ebazpenaren berri ere emango zaie udal gobernu taldea osatzen duten kideei arratsaldean egingo duten bileran. Bakardadeko Ama Kalea 1 eta Maiatzaren 1.a Plaza 4 zenbakietako jabeei errekerimendua egitea, edota San Martin auzoko 1, 2 eta 3 zenbakietako jabekideen kexa ere aztergaien artean jaso da.

  Gaurko bilerak dena den ez du luze joko. Lan zerrendan 10 gai bakarrik jaso baitira. Gabonak tarteko, udal batzorde askok beren jarduna eten dute eta ez dituzte bilerak egin. Baina eguneroko jardun hori berreskuratu denez datozen asteetako tokiko gobernu batzarretan islatuko da.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!