Sutea izan zen zapatutik domekarako gauean Olabarrieta auzoan

2017/05/29
Card image cap
Pinudi batek su hartu zuen eta hurbilean zeuden hiruzpalau etxetako bizilagunak aterarazi zituzten prebentzio neurri gisa

  Amiño eta Basozabal baserrien artean dagoen pinudian sortu zen sua. Dirudienez, aurrez botata zeuden pinuen ingurua garbitzen aritu ziren astean erreketak eginez, baina sua ondo itzali ez eta zapatu gaueko hego haize bortitzak berpiztu zuen. Inguruko bizilagun batek eman zuen Olabarrietan piztutako suaren abisua 112 larrialdietako zenbakira deituta, gaueko ordu batak aurretxoan.

  Abisua eman zuen auzotarra eta bere familia etxetik irten ziren, baita inguruko beste bizpahiru etxe eta baserritan zeudenak ere, prebentzio gisa. Bero handia eta ke ugari sortu zen eta indarrean zebilen haizeak eraginda su hondarrak inguruetara era zabaldu ziren, baina Zubillaga eta Legazpitik etorritako suhiltzaileek berehala kontrolatu eta ordu gutxiren buruan itzali zuten. 5:00etarako jada, bizilagunei etxera sartzeko baimena eman zitzaien. Suhiltzaileen kamioi bat berriz, domeka goizean oraindik bertan zegoen tarteka zorua busti eta sua berriro sortu ez zedin zaintzen.

  Erretakoa ez da lur sail handia izan, aurrez moztuta zegoen pinudi zatia eta bertan pilatuta zeuden enborrak. Baina lehen momentuan eta suhiltzaileak iritsi aurretik, haizeak zuen indar handia ikusita, larritasuna nagusi izan zen sua etxetik hurbil ikusten zuten bizilagunen artean. Herrigunetik ere xamur ikusi zitekeen Olabarrietan piztutako sua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!