Sozioekonomia Foroaren bilera atzeratu egin da.

2012/04/24
Gaur egitekoa zen, baina Foru aldundiko ordezkariek garapen ekonomikorako diru laguntzen berri ematera datozenez, bilera, astebetez edo atzeratzea erabaki da.

   Oñatiko sozioekonomia foro hau pasa den otsailean eratu zen. Udalak antolatutako lehen batzarrera,  herriko enpresak eta Oñatin bulegoa duten sindikatuetako ordezkariak gonbidatu ziren. 

  Eztabaidarako topagune honen helburua, gaur egungo krisiaren diagnostiko bateratu bat egin eta bertatik irteteko egitasmoak iradokitzea da. Horretarako herriko eragile ekonomikoak parte hartzera gonbidatu ziren. Lehen bilerara joan zirenek foroaren egokitasuna ikusi zuten eta aldian behin, bi hilabetero edo, batzartzeko erabakia hartu zuten. Hala, topagune iraunkor bat eratuz.

  Sozioekonomia foro honen hurrengo bilera gaur egitekoa zen. Baina foru Aldundiak gaur baita ere, Gipuzkoaren garapen ekonomikorako diru laguntza programa aurkezteko asmoz eskualdeko enpresariak Arrasatera deitu dituenez, foroa, atzeratzea erabaki da. Diputazioko ordezkariak Debagoieneko enpresariekin bilduko dira gaur Arrasateko Garaia berrikuntza gunean, esan bezala, herrialdeko garapen ekonomikoa sustatzeko foru erakundeak landu duen diru laguntza programa zertan den azaltzeko.
Oraingoz atzeratu den sozioekonomia foroa biltzeko data berririk ez da finkatu. Maiatzaren 2an izan daiteke baina oraindik konfirmatzeke dago.

  Antzeko zerbait gertatu zen pasa den astean bizikleta foroarekin. Alegia, astearterako jarrita zegoen bilera bertan behera geratu zen. Kasu honetan, informazio gehiago eskuratzea zen helburua, eta horretarako atzo udal ordezkariek diputazioko teknikoekin elkartu ziren.

  Zubillaga eta Kurtzetxo arteko bidegorriaren lanak hasita dauden arren, Madalena auzorako bidean trazatua egokitzeko proposamen ezberdinak egin dira. Proiektuaren arabera, Zubillagatik letorkeen bidegorria Fagor Industrial atzealdetik, Madalenako ermitarantz bideratuko da. Bi puntuen artean dagoen maila alde handiak, aldapa gogorra egitea eskatuko du. Alternatiba moduan, bidegorria Madalena gasolindegi aurrealdetik egokitzea proposatu da baina hala eginez gero, errepide azpitik pasabidea egin beharko litzateke eta kasu honetan arriskua, erreka hazita datorrenean urak gainezka egitea litzateke. Gaia aztertzeko, udal ordezkariak Biziker-eko teknikariarekin elkartu dira. Bileraren ondorioak maiatzaren 7an egingo den Bizikleta forora eramango dira.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!