Sokadun kupula berria prest dago Errekaldeko jolas-parkean

2020/10/22
Card image cap
Laster erabilgarri izango da

  Astelehenean amaitu zituzten soka bidezko kupula muntatu eta zoru bigun berria prestatzeko lanak. Elementu guztiak egonkortu eta zorua lehortu eta asentatu zedin ingurua hesiz itxita utzi zen baina laster erretiratuko dira eta jolas parke berria erabilgarri izango dute herriko neska-mutikoek.

  Errekalde eta Mendiko kale arteko plazatxoan egokitu den jolas elementu berria, Partaidetzazko aurrekontuak egitasmoan jaso zen. 6 eta 14 urte bitartekoentzat igotzeko eta oreka mantentzeko jolasekin gune bat hornitzearen proposamenak % 24aren babesa lortu zuen. Lanak Bartzelonako Juegos Kompan S.A. enpresari esleitu zizkion udalak,  60.368,25 eurotan.
Errekaldeko jolas parkean zeuden jolas elementuak kendu eta kupula formako sokadun egituragatik ordezkatu dira.

  Lizaur kaleko jolas parkea ere berritu egin dute udal brigadako langileek. Zaharkituta, eta zenbait kasutan arriskutsu zeuden elementuak kendu ziren, orain aste batzuk dela, eta horien ordez elementu berriak jarri dira. Erabilgarri dago Lizaur kaleko jolas parke eraberritua.   

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!