Semaforoak jarriko dira Txaketuaneko bidegurutze inguruan

2018/10/26
Card image cap
Asteburuetan trafikorako ixten den pasabidea hobeto seinaleztatzea da helburua

  Bitarteko ezberdinak erabili dira orain arte Txaketuaneko bidegurutze ingurua asteburuetan ixteko. Hesiak jarri ziren hasieran, zaintza kamerak ondoren, gunearen seinaleztatze horizontal eta bertikala hobetu zen eta azkenaldian hesiak berriro jarri beharra izan zen, gidari askok ez zuelako debekua errespetatzen. Azken neurria, hesien ordez semaforoak jartzea izango da.

  Semaforoak non kokatu pentsatzen ari dira inguruko argi-hartuneak ikusita baina hesiak jarri ohi diren inguruan kokatuko dira, Parrokia aldamenean eta Bakardadeko Ama kalearen barrenean. Semaforoa, astean zehar, argi laranja keinukariz egongo da, oinezkoen pasagune batera iristen ari garela adierazteko, eta asteburutan argi gorriz agertuko da, pasabidea itxita dagoela jakinaraziz. Argi gorria, ostiral arratsaldean ixutuko da eta larunbat eguerdian berriro domeka gauerdira arte. Izan ere, semaforoa programatu egingo baita, egun Txaketuaneko bidegurutzea ibilgailuentzat ixten den egutegi eta ordutegiaren arabera. Semaforoa gorrian dagoela baimendutako ibilgailuak soilik pasa ahal izango dira bertatik, eta hori hala dela ziurtatzeko, udaberrian jarri zen kontrol kamera martxan izango da, orain arte bezala.

  Txaketuaneko bidegurutzea ostiral arratsaldetan ixten da trafikorako eta oinezkoen gune bihurtzen da. Larunbat goizean berriro irekitzen da baina eguerditik aurrera igande gauerdira arte itxita mantentzen da, baita jaiegunetan ere. Neurria ez da berria, urtebete baino gehiago da indarrean jarri zela, baina ez da guztiz betetzen. Orain arteko seinaleztatzea osatu eta debekua garbi adierazteko semaforoak jartzea erabaki da. 

  Trafikora itxitako gunetik baimenik gabe pasatzen den ibilgailuaren jabeari 200 euroko isuna jarri dakioke.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!