Semaforoa jarri da berriro ere Udanarako errepidean

2020/02/24
Errepide aldameneko petrilen kota jasotzeko lanak egiten hasi dira

  Olabarrietako zubiak berritzeko lanen ondorioz errepidearen maila jaso egin da eta honen aldamenetan zeuden petril-babesak behar baino baxuago geratu dira. Horien maila jasotzen ari dira, errepidearen eta babes elementuen arteko altuera proportzioa egokia izan dadin.

  Lanak, gaur bertan hastekoak ziren baina trafikoa bideratzeko semaforoa ostiralean jarri zen jada, hainbat gidari sorpresaz hartuz. Izan ere, petrilen kota jasotzen den bitartean errepidea estutu egingo baita, langileen segurtasuna bermatzeko. Ondorioz, ibilgailuen joan-etorria tarteka bideratuko da, semaforo bidez.

  GI-2630 errepidearen azpiko lau zubiak berritzeko lanen osagarri dira eremu berean gaur egiten hasi diren obra hauek. Hilabeteko epea eman da lanak burutzeko baina lehenago amaitzea aurreikusten dute aldundiko teknikoek. Lanak bukatu bitartean, hori bai, semaforoa erabiliko da trafikoa bideratzeko.  


Iturria: Oñati Irratia

Bide ertzeko petrilen maila jasoko da