"Selma Huxley Barkham" beka sortu du Udalak

2016/04/21
Card image cap
Historia genero ikuspegitik ikerketa bekak ikerlari ingelesaren izena eramango du

  Aurrekontuetan jaso zenez, udalerriko emakumeen historia berreskuratzeko ikerketa beka emango da. Laster argitaratuko dira historia genero ikuspegitik aztergai izango duen beka honetarako oinarriak. Baina dagoeneko, ikerketa bekak izango duen izena erabaki da: Selma Huxley. Euskal Herriko eta Kanadako historiaren ezagutzan egin duen lan sakona eskertu eta aitortu nahi dio Udalak.

  Semla Huxleyk 20 bat urte eman zituen Oñatin bizi eta ikertzen. Gipuzkoako protokolo historikoen artxiboan eta beste hainbat artxibotan egindako ikerketei esker aurkikuntza historiko eta arkeologiko garrantzitsuak egin zituen. Ordura arte itzalean zegoen Euskal Herriko eta Kanadako historiaren atal bat ezagutzea lortu zuen, aurkitutako milaka dokumenturen bidez, bereziki XVI. mendeko Ternuako balea eta bakailaoaren euskal arrantza edota mende hartan hondoratu zen San Juan galeoiaren arrastoak. Gaur egun, Albaola itsas faktorian egiten ari diren erreplikaren jatorrizko ontzia. 1981. urtean Kanadako Gobernuak Kanadako Ordena eman zion bere lan aitzindariagatik eta 2014an,  Eusko Jaurlaritzak Euskal Herriak Lagun Onari saria.

  Ikerlari ingelesari aitortza eginez, bere izena eramango duen ikerketa beka sortu ez ezik, omenaldia eskainiko dio bihar Udalak. Sancti Spiritus unibertsitatean izango da, 19:00etan. Lehenik, bere semeak, Michael Barkham-ek hitzaldia emango du: Selma Huxley, una canadiense en Oñati: descubriendo las pesquerías vascas en Terra Nova (S.XVI)  izenburupean. Ondoren, Udalak eskainitako ekitaldi xume baten bidez, egindako lan eta ekarpen aberatsa eskertuko zaio.

  Domekan, bestalde, bisita gidatua egingo da protokolo historikoen artxibora, Ramon Martin, bertako arduradunarekin eta Jose Antonio Azpiazu historialariarekin. Parte hartzeko, aurrez izena eman behar da Turismo Bulegoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!