Santa Zezilia gogoan ospakizun eta emanaldi ugari eskainiko dituzte herriko musikariek datozen egunotan

2015/11/19
Jose de Azpiazu musika eskolakoek bihar eskainitako kalejirez hasiko dira igandera arte luzatuko diren emanaldi bereziak

  Domekan,  azaroaren 22an ospatuko da Santa Zezilia, musikarien zaindariaren eguna. Eta ohiturari jarraituz, ospakizun ugari izango dira egunean bertan eta baita aurrekoetan ere.

  Jose de Azpiazu musika eskolakoak izango dira kalera irteten lehenak eta asteko azken eskola egunean, bihar,  ospatuko dute Santa Zezilia eguna. Musika eskolako ikasleek hainbat kalejira osatuko dituzte erdi guneko puntu ezberdinetatik irtenda Berdura Plaza bitartean. 17.00ak inguruan abiatuko dira eta azoka gunean, ordu erdi beranduago elkartuko dira. Bertan eguneko bigarren saioa osatuko dute eta denek elkarrekin hainbat abesti jo, kantatu eta dantzatuko dituzte. Jaia borobiltzeko, txokolatea banatuko zaie guztiei.

  Oñati abesbatzak berriz, zapatu arratsaldean Agustinoetan izaten den meza kantatuko du eta ondoren afaria egingo du.

  Eta Santa Zezilia eguna igandearekin etorriko denez, txistulariek eta musika bandak goiz-eresia elkarrekin joko dute. Tradizionalki txistulariak izan ohi dira goizean goiz kalejira egiten duten lehenak baina ordua pitin bat atzeratuta, bandarekin bat egingo dute. Hala, bi taldeak 10.00etan abiatuko dira plazatik, kalerik kale, Santa Zeziliaren omenezko goiz-eresia eskainiz. Eguerdian berriz, bandak, Parrokiako gizon eta emakumeen koruek lagunduta, Santa Zezilia kontzertua egingo du urteroko ohiturari jarraituz.

  Eta igandeko musika agenda borobilduz, Musikegunak programazioaren baitan TRIO EASO taldearen emanaldia izango da Santa Ana aretoan, 19.00tan.

  Musikazale eta musikaririk ez da falta herrian eta Santa Zeziliak ez du omenaldi eta eskaintza berezirik faltako bihar hasi eta domekara bitartean.

Iturria: Oñati Irratia

Musika eskolako ikasleak