San Migel jaietan ekingo zaio Oñatin Euskaraldirako izen-emateari

2018/09/21
Orriak jaietako hainbat ikuskizunen sarrera ingurutan eskuragarri jarriko dira eta beteta, udal eraikinetan edo ikastetxeetan utzi ahal izango dira

  Atzo egin zuten Iruñean Euskaraldirako izen-ematearen irekitze ekitaldia. Euskaraldia, 11 egun euskaraz ariketa sozialean parte hartzeko eta belarriprest edo ahobizi izateko izena internet bidez eman daiteke jada, izenematea.euskaraldia.eus helbidean sartuta.

  Herrietan ere izango da izena emateko aukerarik eta Oñatin, datorren asteburutik aurrera egin ahal izango da. Izen-emate orriak jai ekintzetan jarriko dira eskuragarri. Hau da, ikuskizunak areto itxietan direnean, sarreran, izen-emate orriak topatuko dira, izan Olaitturriren antzerki emanaldian, San Migeletako bertso jaialdian edota, herri bazkarian. Orriak eskuratuta eta beteta, ikastetxeetan edo udal eraikinetan utzi ahal izango dira. Jaixak amaituta berriz, ikastetxeetan eta udal eraikinetan orriak utzi ez ezik, hartu ere hartu ahal izango dira.

  Euskaraldia hizkuntz ohiturak aldatzea xede duen ariketa da; azaroaren 23tik abenduaren 3ra euskaraz hitz egiten edo ulertzen duten guztien artean berba egitean datza. Euskaraldiaren muina izango dira Belarriprest eta Ahobizi figurak. Ahobizi izateko euskaraz hitz egiten jakin behar da eta belarriprest izateko euskara ulertu behar da. Horiek dira baldintza nagusiak. Horrela, gizarte ariketa berezi hau gauzatuko den egunerako bakoitzak bete asmo duen rola jakinarazi beharko du eta identifikatua izan dadin, dagokion txapa eramango du soinean. Txapak, gerora banatuko dira. Baina argibide guzti hauek izen-emate orrietan azalduko dira.

Iturria: Oñati Irratia