San Migel eta Errosarixo jaiek ia 195.000 euroko aurrekontua dute

2016/09/14
% 41a herriko taldeen ekimen eta laguntzaz antolatutako ekintzetara bideratuko da

  Jai egitarauari azken ukituak ematen ari dira Udaleko Kultura Departamentuan. Aste honetan bertan inprentara bidali eta astelehen-asteartean etxeetara banatzen hasteko asmoa dago. Dakizuenez jai egun guztiak segidan ospatuko dira aurten, asteazkenarekin etorriko da irailaren 28ko arratsalde-ilunkaran hasi eta Errosarixo Bixamonera arte. Dagoeneko aurreratu dizuegunez, urtean jaiotako haurrei eskainitako Atsolorra irailaren 24ra aurreratu da eta Herri Egunaren bezperan egin ohi den bertso jaialdia, urriaren 7ra atzeratu da. Herri Egunean egiten den herri bazkarian gainera, haurren menua eskainiko da lehenengo aldiz.

  Herri Eguneko ospakizunak goizean goiz hasiko dira ganadu erakusketa eta herriko produktuen azokarekin. Nekazarien elkartekoak buru belarri lanean ari dira gure baserrietan landu eta hazitako landare, fruitu eta animalien erakusketa antolatzen. Aurten gainera, herritarrak ikusle soil izatetik erosle izatera animatu nahi dituzte, alegia, azokara ekartzen diren fruta, barazki eta landareak erosi ditzatela. Zentzu horretan ahalegin berezia egiten ari direla adierazi digute Nekazarien elkarteko kideek.

  Nekazarien elkartea da jaixetan aktiboki parte hartzen duen eragileetako bat baina ez bakarra. Herritarren partaidetza hori sustatu eta babesten du Udalak eta horregatik, herriko jai nagusien aurrekontuetatik hamarretik lau  pasa, herriko talde horien esku jartzen da ekintzak antolatu eta gauzatu ditzaten. Aurten, jaiek ia 195.000 euroko aurrekontua dute eta 80.385 euro herriko taldeen artean banatuko dira. Beste  64.500 euro artista eta ikuskizunen kontratazioetara bideratuko dira eta 50.000 euro promozio, muntaia, ekipoen alogera eta abarretarako izango dira. Xehetasun guzti hauek azken Tokiko Gobernu Batzarrean eman ziren. Era berean, jaietan, tabernen ixte ordutegia luzatzea erabaki zen. Irailaren 24, 28, 29 eta 30ean eta urriaren 1, 2 eta 3an, herriko taberna guztiek goizeko 5ak arte zabalik egoteko udal baimena izango dute.

Iturria: Oñati Irratia