San Martingo hitzarmenak arauak betetzen dituela erantzun dio Udal Gobernu taldeak Oñatiko EAJ-ri.

2014/03/27
Lourdes Idoiagak erabilitako araua, indarrean den Oñatiko arau ordezkoa baino berriagoa dela eta ondorioz, atzera eraginkortasunik ez duena dela argitu da.

  Udal gobernu taldeak zabaldu duen erantzun oharrak, EAJk atzo azaldutakoa gezurtatzen du. Oharrean dioenez, Oñatiko arau ordezkoak 2006ko apirilaren 4an onartu ziren eta jeltzaleek aipatzen zuten lurzoru eta hirigintza legea urte bereko irailaren 20an sartu zen indarrean. San Martingo plan partziala uztailaren 6an argitaratu zen eta ondorioz, ez dagokio gerora onartu zen lege hori aplikatzea.

  Hala, eraikiko diren etxebizitzen kalifikazioa egiterakoan etxe kopurua ez baizik eta eraikigarritasuna gehitzen ote den begiratu behar dela argitzen du udaleko gobernu taldeak. San Martingo hitzarmenak, aurrez zehaztuta zegoen eraikigarritasuna ez duela aldatzen azaltzen da eta etxebizitza gehiago jasoko diren arren txikiagoak izango direla zehazten da, txikiagoak eta salneurri mugatukoak.

  Horren haritik, EAJren oharrean aipatzen zen proposamen sozialagoa eztabaidatzen du gobernu taldearen idatziak eta galdera egiten du, ea zein den proposamen sozialagoa: jeltzaleek planteatutako 32 babes ofizialeko eta 100 prezio libreko etxebizitzen eraikuntza ala prezio mugatuko 132 etxebizitzen eraikuntza.

  Jeltzaleen kudeaketa urbanistikoaren izaera soziala ere auzitan jartzen du udal gobernu taldeak, San Martingo etxaldea sustatu ahal izateko, San Martingo zaharren egoitzari zegozkion hainbat lur desjabetu eta enpresa ekimen pribatura bideratu zituela azalduz.

  San Martingo hitzarmena sinatzean, udalak, gunea ahalik eta azkarren amaitzea bermatu nahi izan duela argitzen da. Hitzarmenaren bitartez, sustatzaileei hainbat betebehar jarri zaizkielarik, urbanizazio lanak bukatzeko egutegia finkatu da eta egitura bakarrik egina duen eraikina urtebeteko epean amaitu beharko dela jaso baita.

  Aipatu dugun idatziarekin udal gobernu taldeak, Oñatiko EAJk atzo zabaldu zuen prentsa oharrari erantzun dio.

Iturria: Oñati irratia

Argazkia: Oñatiko Udala