San Martingo auzian Udal Gobernuaren alde egin du Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak

2015/09/04
Card image cap
Plan partzialaren inguruan EAJk jarritako helegitea atzera bota du

  Gaia, aurreko legealditik dator. San Martingo plan partziala aldatzearen inguruan legearen interpretazio ezberdinak sortu ziren udalbatza osatzen zuten bi taldeen artean eta EAJk auzitara jotzea erabaki zuen.

  Iazko uztailean EH Bilduren udal gobernu taldeak erabakitako plan partzialaren aldaketaren babesean, San Martinen eraikitzeko falta ziren 83 etxebizitza libreen ordez, azalera txikiagoko 132 etxe eraikiko dira. Kopurua handitu arren, etxebizitzen tamaina murrizten denez San Martingo plan partzialak hasieran jasotzen zuen eraikigarritasuna ez da aldatzen. Onartutako aldaketari esker 132 etxebizitza horiek prezio mugatukoak edo tasatukoak izatea eta hasita zeuden urbanizazio lanak amaitzeko epeak finkatzea lortu zuen udal gobernu taldeak.  
Baina EAJren udal taldeak erabaki horrekiko ezadostasuna agertu zuen. Jeltzaleen uztez, San Martinen eraikiko diren 49 etxebizitza gehigarri horien % 65, hau da, 32 etxebizitza, babes ofizialekoak izan beharko lirateke 1994ko legearen arabera.

  Ika-mika luzea eragin zuen gai honek udal gobernua eta oposizioaren artean iazko udaberrian. Ados jartzen ez zirenez, EAJk auzitara jotzea erabaki zuen, EH Bilduk hartutako erabakia baliogabetzea eskatuz. Baina pasa den uztailaren 14an Euskal Herriko Auzitegi Nagusiak arrazioia eman dio udal gobernu taldeari EAJren helegitea atzera botaz. Jeltzaleek epaia ez dutela errekurrituko jakinarazi dute.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!