Oñatiko udala

San Martingo aisialdi ortuen zozketarako behin-behineko zerrenda argitaratu da.

2014/11/27
Card image cap
69 eskaeretatik 66 onartu dira eta 3 baztertu. Eskatutako dokumentazio osagarria edo alegazioak aurkezteko epea, abenduaren 10ean amaitzen da.

  Okerrik ezean beraz, aisialdi ortu bat landatzeko eskaera egin duten herritar guztiek halako bat jasoko dutela esan genezake, San Martin inguruan, 30 metro karratuko 70 ortu egokitu ditu udalak eta eskaerak, esan bezala, 69 izan baitira.

  Baina atzo publiko egin zen zozketarako behin-behineko zerrendan 66 eskaera soilik onartu dira. Oraingoz, zerrendatik kanpo utzi diren bi eskatzaile adin txikikoak dira eta beren eskaera babesten duen guraso edo tutorearen baimena aurkeztu beharko dute. Atzera bota den hirugarren eskaera berriz, erroldatze antzinatasuna betetzen ez delako da. Udalak, ortu ekologikoen zozketan parte hartu ahal izateko gutxienez, azken sei hilabeteetan Oñatin erroldatuta egotea eskatzen zen.

  Eskatutako dokumentazio osagarria eramateko edo alegazioak aurkezteko 10 lan eguneko epea dago, azken eguna beraz, abenduaren 10a izango da. Hurrengo egunean jada zozketarako behin betiko zerrenda eta zozketa eguna argitaratuko dira, asmoa, zozketa, abenduaren 15eko astean egitea da. Onuradunekin berriz, Gabonen aurretik bilera egingo da. Bilera horretan, baratze parkearen erabilerari buruzko informazioa emango da.

  Ortua eskuratzen duten herritarrei, errenta kontzeptuan 70 euroko kuota ordaindu beharko dutela jakinaraziko zaie. Horri, beste 70 euroko fidantza batu behar diote udal jabaria egoki erabiliko denaren berme gisa. Izan ere, ortua erabilera ez ezik, baratze parkeko hainbat gune eta azpiegituren erabilera ere orokorra izango baita, aldagelak, komunak eta tresneria gordetzeko biltegi etxolak esaterako.

  Lursailen lagapenaren iraunaldia ere gogoratuko da; erabilera urtebeterako lagako du udalak eta urtez urte luzatu ahal izango da, gehienez, bost urteko mugarekin.

  Ortua eskuratzen dutenek ikastaro labur bat egin beharko dute era honetako baratze bat optimizatzen ikasteko, nekazaritza ekologikoaren oinarriak ere landuko dira. Ortuko erabiltzaileek gainera, elkarte bat sortu beharko dute, mantenu lanak egin eta funtzionamenduaren inguruko erabakiak hartzeko. Guzti horren inguruko informazioa emango da, esan bezala, behin zozketa eginda aisialdi ortua eskuratuko duten herritarrekin egingo den bileran.

  Baina prozesua ez da puntu horretara iritsi oraindik. Zozketarako onartu direnen behin behineko zerrenda da argitaratu berri dena. Zerrenda, udaletxeko iragarki taulan ikusi daiteke.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!