San Martin egoitza Kabian sartzeko hitzarmena onetsi du Diputatuen Kontseiluak

2018/11/08
Card image cap
Beste horrenbeste egin zuen udalbatzak urriko Osoko Bilkuran

  Astearteko bileran onetsi zuen Diputatuen Kontseiluak San Martin egoitza Kabiaren kudeaketara pasatzeko hitzarmena; Foru Aldundiak, Oñatiko Udalak eta San Martin Egoitza Fundazio Publikoak sinatuko duten hitzarmena. Horren arabera, urtarrilaren 1etik aurrera hartuko du Kabia organismo autonomoak bere gain Oñatiko zaharren egoitza eta eguneko zentroaren kudeaketa. Erabakia Diputazioan hartu aurretik, herrian hartu zen, urriko Osoko Bilkuran aipatu hitzarmena sinatzea aho batez onartu baitzuen Udalbatzak.

  Batzarrean, prozesu luze eta konplexu honen laburpena egin zuen alkateak eta bidea errazteko lanean aritu direnei baita San Martin egoitzan eta Eguneko zentroan nagusiak artatu eta zaintzen aritu diren, eta ari diren, profesional eta tekniko guztiei esker bereziak eman zizkien.

  Alkateak plenoan adierazi bezala prozesua luzea izan da, 2014an jada udal ardurapeko zaharren egoitzen kudeaketa Diputazioak hartuko zituela iragarri baitzen, Gizarte Zerbitzuen 2008ko Legeak jasotzen duena beteaz. Hau da, dependentzia dutenei zuzendutako zerbitzuak Aldundiaren esku egon behar direla beteaz. Esku aldaketa pausoz pauso joan da eta dagoeneko Kabia erakundean integratuta daude Azkoitia, Elgoibar, Villabona, Zumaia, Lasarte, Andoain, Bergara eta Ordiziako egoitzak. Oñatikoa, Errenteriakoarekin batera, urtarrilaren 1ean pasako da Kabiaren eskuetara. Eta datorren urteko lehen hilabeteetan baita ere, Arrasate eta Tolosako egoitzak sartzea aurreikusten da. Baina 2019a amaitzerako Kabiak Gipuzkoako 16 udal egoitzak bilduko ditu bere baitan prozesuari amaiera emanez.

  Kabiak finkatutako eredua Gipuzkoan adinekoei ematen zaien egoitza arretan erreferente bihurtuko dela ziurtatu zuen atzo Imanol Lasa foru bozeramaleak. Kabiaren eredua denon artean zehaztu dela azpimarratu zuen, alegia, udalen, egoitzen eta Aldundiaren arteko akordioaz  zehaztu dela.

  Diputatuen kontseiluak asteartean eta Oñatiko udalbatzak urriaren 31an onetsi zuten hitzarmenak San Martin egoitzan eta eguneko zentroan dauden adineko pertsonen zerbitzua ez ezik, hauek hartzen dituen eraikina bera eta altzariak Foru Aldundiari lagatzen zaizkio. Baita, langileekiko betebeharrak ere. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!