San Martin egoitza eta Eguneko zentroko arreta zerbitzuak lizitaziora atera ditu berriro udalak

2018/03/06
Card image cap
Aurreko esleipen prozesua bertan behera utzi zen eskaintzen balorazioaren kontrako alegazio bat tarteko

  Errekurtsoen Administrazio Organoak ontzat jo zuen adituen mahaiak egindako balorazioarekiko Eulen enpresak aurkeztu zuen  alegazioa. Lizitazio deialdian aurreikusi ez ziren irizpideak erabili zirela ondorioztatu zen. Akatsa konponezina zela ebatzita, esleipen prozesua bertan behera uztea erabaki zuen udalbatzak pasa den hileko Osoko Bilkuran. Baina era berean lizitazio berria lehenbailehen hasteko baldintza eta oinarriak onartu ziren bilkura berean. Deialdia jada publiko egin da eta interesa duten enpresek apirilaren 11ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko.

  San Martin egoitza eta Eguneko zentroko arreta zerbitzuak kontratatzeko baldintzak ez dira asko aldatu, aurreko deialdiarekiko. Hori bai, eztabaida sortu zuten langileen hizkuntza eskakizuna eta berdintasun planari dagozkion irizpideak ondo zehaztu dira balorazioa egokiago egin ahal izateko. Lizitaziorako baldintza eta oinarriak Kabia foru erakundearekin adostu ditu udalak, San Martin egoitza eta Eguneko zentroa Kabian integratuko baita datozen hilabeteetan.

  Kontratuak hartzen dituen zerbitzuen helburu nagusia pertsona erabiltzaileei osoko arreta ematea da. Horretarako oinarrizko printzipio hauek errespetatu beharko dira:  normalizazioa, autonomia, partaidetza, integrazioa, arreta pertsonalizatua, globaltasuna eta profesionalizazioa. Zerbitzua ematerakoan San Martin egoitzako egoiliarrak eta eguneko zentroko erabiltzaileen premiak hartuko dira kontuan baina baita hauen familien beharrak ere. San Martin egoitza eta Eguneko zentroko arreta zerbitzuaren kontratuak pisu ekonomiko handia du. Udalak zehaztu duen aurrekontua ia 5.593.000 euro da urteko. Horrek, deialdia Europako aldizkari ofizialean argitaratzera behartu du.

  Lizitaziora aurkezten diren enpresen proposamenek enpresaren dokumentazioa, eskaintza ekonomikoa eta memoria teknikoa jaso beharko dute. Azken honek izango du pisu gehien esleipen prozesuan eta lan programa eta kudeaketa eredua zehaztu beharko ditu, beste hainbat arloekin batera. 100 puntuko baremazioan memoria teknikoak 51 izango ditu eta eskaintza ekonomikoak 49. San Martin egoitza eta Eguneko zentroko arreta zerbitzuaren lizitaziora proposamenak aurkezteko epea apirilaren 11n amaituko da.

  San Martin egoitzan aldundiarekin hitzartutako 77 plazak 83 bihurtu daitezke 2018. urte honetan zehar. Eguneko zentroak berriz, 30 plaza ditu. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!