Oñatiko udala

San Martin egoitza eta Eguneko zentroaren arreta zerbitzuen esleipenaren berri emango da gaurko Osoko Bilkuran

2017/10/26
Card image cap
Autobus zerbitzu publikoan izandako murrizketen inguruko mozioa ere aurkeztuko da

  San Martin egoitzan edota Eguneko zentroan hainbat zerbitzu eskaintzen dituzten bi enpresa aurkeztu ziren arreta zerbitzuen esleipen prozesura: Aita Menni eta Eulen. Presentatu behar izan zituzten memoria teknikoen balorazioa egin zuten aditu teknikoek eta berriki, eskaintza ekonomikoak baloratu dira. Guztia kontuan hartuta Kontratazio Mahaiak egindako esleipen proposamena azalduko da arratsaldeko Osoko Bilkuran.

  Mozio idatzi bat ere jaso da aztergaien artean, autobusen zerbitzu publikoan izan diren murrizketen haritik EH Bilduk osatu duen mozioa, hain zuzen ere. Garraio zerbitzu publikoaren haritik bestalde, Gipuzkoako taxi gidariek, hau da, AGITAX elkarteak, datorren urterako tarifak onartu ditzan eskatu dio Oñatiko udalbatzari. Alkate dekretuz onartu diren hainbat gaien berri emango da eta kreditu aldaketarako espediente bat ere azalduko da Osoko Bilkuran.

  Urriko Osoko Bilkura 19:30tan hasiko da eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du. Udazken-neguko programazio berrian arratsaldeko emanaldiak ostiraletara soilik mugatzen badira ere, Osoko  Bilkurak zuzenean emateko ohiturari eusten dio Oñati Irratiak. Gaur arratsaldean, irratsaioa 19:00tan hasi eta 19:30tan udaletxeko pleno aretoarekin bat egingo dute Osoko Bilkura zuzenean eskaintzeko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!