San Martin auzian herritarren interesak defendatzen aritu dela argitu du EAJ-K

2015/09/11
Asmo bakarra Oñatiko 32 familik 90.000 euro gehiago ez ordaintzea izan dela azpimarratu dute

  Oñatiko EAJ-PNVren udal taldeak aurreko legealdian San Martingo etxebizitzen auzia epaitegietara eramateko erabakiaren arrazoiak prentsa ohar bidez argitu nahi izan ditu . Jeltzaleen arabera, beren asmo bakarra oñatiarren interes soziala defendatzea izan da beti. Ardura politiko eta sozialetik jokatu dutela konbentzituta daudela diote, herriko 32 familik 90.000 euroko gainkostua ordaindu behar ez izateak bultzatuta aritu direla nabarmenduz.

  Talde jeltzaleak onartu du hasieratik ezagutzen zutela aurkako epai baten arriskua, arlo honetako legedia oso konplexua baita, baina aurrera jarraitu zutela interes soziala defendatzen zutela konbentzituta.

  Jeltzaleek zabaldu duten prentsa oharrean bestalde,  Udal Gobernu Taldearen adierazpenak argitu nahi izan dituzte, San Martingo etxebizitzen lanak sekula ez direla geldituta egon azpimarratuz.

  Amaitzeko, auzi honetan jeltzaleak galtzaile direnik ukatzen dute. San Martingo plan partzialaren aldaketaren kontra EAJk jarri zuen helegitea atzera bota izanak, benetako galtzaile etxebizitzarengatik gehiago ordaindu beharko duten 32 familiak bihurtu dituela zehazten du EAJren prentsa oharrak, eta era berean, Udalak auzian izan duen jarreraren onuradun bakarra irabazi haundiagoak izango dituen enpresa eraikitzailea izango dela aipatzen da.

Iturria: Oñati Irratia