San Lorentzoko udal futbol zelaiaren erabileraren ordenantza arautzailea jende agirian dago.

2013/03/14
Interesatuek aztertu eta iradokizun edo erreklamazioren bat egin nahi dutenek, hartarako aukera izango dute. Horretarako epea, apirilaren 22an amaitzen da.

  Otsaileko osoko bilkuran ahobatez onartu zen San Lorentzoko futbol zelai eraberrituaren erabilerarako ordenantza. Hasiera bateko izaeraz onartu den ordenantza hori, 30 eguneko epean, jende agirian eta alegazioetarako izango da udaleko bulego orokorretan.

  Araudian zehazten denez, San Lorentzoko futbol zelaia erabiltzeko lehentasuna, ikasturtean zehar eta egun eta ordutegi lektiboan, Larraña institutuko ikasleek izango dute. Baina egutegi eta ordutegi horretatik kanpo, 14 urtez gorako erabiltzaileei ireki egiten zaie, banakako nahiz kirol taldeei. Futbol zelaia ez ezik, aldagelak ere erabili ahal izateko, aldez aurretik erreserba egin beharko da. San Lorentzoko instalazioen erreserba Zubikoa kiroldegian eskatu beharko da eta bertan ordaindu ere bai. Horretarako, tasa ezberdinak zehaztu dira, eskatzaileak erabiliko dituen instalazioen arabera, kiroldegiko bazkide denaren arabera eta argiteria erabiliko ote duenaren arabera ere bai.

  Erabilera tasak zehaztu diren bezala, erabilera okerrak ekarriko lituzkeen isunak ere zehaztu dira. Kasu honetan, arau hauste arinak eta larriak bereizten dira.

  San Lorentzoko kirol instalazioen erabilera ordutegia, bestalde, urte sasoiaren arabera eta eguzki orduen arabera berezitu da. Negu partean, abeduaren 21etik martxoaren 21era, arratsaldeko 5etatik 7etara soilik erabili ahal izango da, eta gainontzeko egunetan, 5etatik 9etara. Hori bai, asteeburuetan, eskola oporretan edo beste jai egunetan, instalazioak, goizeko 9etatik gaueko 9ak arte erreserbatu ahal izango dira.

  Horiek, aipatu erabilera ordenantza arautzailean jasota dauden hainbat puntu. Araudia bera ikusi nahi duenak, udal bulegoetatik pasata eskatu dezake edota udal webguneko Ordenantza atala kontsulta dezake. Bide batez, gogoratu, iradokizun edo erreklamazioren bat egin nahi duenak, hartarako aukera ere baduela, apirilaren 22a bitartean. Iradokizun eta erreklamazioak ere udal bulegoetan aurkeztu behar dira. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!