Oñatiko udala

San Lorentzo eta Errekalde auzoak elkar lotzen dituen tunela eta pasabidean luminaria berriak jartzen ari dira.

2013/05/10
Argiztatze lanak 10 bat egun barru osatuko dira argi-kablea jarrita.

  Errekalde eta San Lorentzoko auzoak lotzen dituen pasabideak betidanik izan duen argiztatze arazoa konponduko da horrela. Tunelean dauden 5 argi puntu hirukoiztu egingo baitira eta kanpoko pasabidean, egun ez dagoen argiztapena jarriko baita.

  Tunelean, 14 fluoreszente jarriko dira eta estali gabe dagoen pasabidean, LED teknologiako beste 15 argi puntu egokitu dira.

  Atzo hasi ziren luminaria hauek jartzen baina argiak ez dira berehalakoan piztuko, oraindik, kablea sartzea falta baita. Kablea jarri eta beharrezko probak egiteko 10 bat egun beharko dira. 10 bat egun barru, guztia gertu izango dela adierazi digu instalazio lanen arduradunak.

  Horrela, pasa den urtarrila amaieran hasi ziren hobetze lanak amaituko dira. Gogoratu, urtarrileko azken egunetan, Errekalde eta San Lorentzo auzoak elkar-lotzen dituen pasabidearen zoladura konpontzeko asfaltatze lanak egin zirela. 

  Zuloz beteta zegoen zorua konponduta eta argi gehiago jarrita, herritar ugarik erabiltzen duten San Lorentzo eta Errekalde arteko tunel eta pasabidearen egoera guztiz aldatuko da, irisgarriagoa eta seguruagoa izango da.  

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!