San Lorentzo auzoko irisgarritasuna hobetzeko lan berriak eta Debagoieneko merkataritza arloko bonoen salmenta aztergai izango da, besteak beste gaurko tokiko gobernu batzarrean.

2014/05/08
Card image cap

  San Lorentzo auzoa eraberritzen jarraituko du udalak. A2B arkitekto enpresari bi gune berri egiteko proiektuak eskatu zizkion eta horiek onartzea eta lanak egiteko lizitazioari hasiera ematea proposatuko da gaur arratsaldeko bileran.

  Alde batetik, auzoaren goialdean, 62, 63 eta 65 zenbakidun etxe multzoaren irisgarritasuna hobetzeko lanak egitea aurre ikusten da: espaloiak zabaldu, zoladura berritu eta zebra bideak moldatuko dira. Gainera, arrapala bat egokituko da goialdean dauden aparkalekuetara iristeko. 5. area deritzon honetan ere jaso da Lazarraga kaletik Errekalderako tuneleraino iristen den espaloi zatia konpontzeko lana.

  6. areari dagokion proiektuak aldiz, auzoaren erdigunean dauden 42-43 eta 32-33 etxe-blokeen inguruko urbanizazioaren berrizketa hartzen du bere baitan. Etxe bloke horietatik igogailua dagoen auzoaren erdiko ardatzera modu irisgarrian iritsi ahal izateko lanak egingo dira.

  Lan hauen inguruko proiektua egina dago eta xehetasunak, arratsaldeko bileran emango zaizkie udal gobernu taldeko kideei. Ontzat jo ezkero, lanak egiteko lizitazioari hasiera emango zaie esleipenerako baldintza zerrenda ere onartuz.

  Baina hirigintza eta zerbitzuak batzordearen eskutik jorratuko diren bi gai hauezaz aparte beste 23 aztertuko dira aste honetako tokiko gobernu batzarrean.

  Debagoieneko merkataritza sustatze asmoz, “Debagoieneko bonuak” izenekoen salmenta nola egin ere zehaztuko da. Mankomunitatea eta eskualdeko merkatari elkarteekin elkar-lanean promozio kanpaina berezia egingo da: Oñatin, eskualdeko denda txikietan gastatzeko 300 bono salduko dira. Herritarrak, 20 eurotan eskuratuko ditu bono hauek baina 25 euroko gastua egin ahal izango du. Herritar bakoitzak bono bakarra erosi ahal izango du. Asmoa, bonoak udal bulegoetan salgai jartzea da baina xehetasunak, esan bezala, gaurko tokiko gobernu batzarrean lotuko dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!