San Juan kalea irisgarritasun baldintzetara egokitzeko lanen lizitazioa hastea erabaki du udal gobernu taldeak.

2013/03/05
Kontratua, publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiliz esleituko da.

  Osasun zentroaren inguruko egokitze lanekin jarraituz, askorentzat, bertara joateko bidea den San Juan kalea birmoldatzeko erabakia hartua du udalak. 2013ko aurrekontuetan jada, hartarako diru partida berezitu zen eta tokiko gobernu batzarrak, A2B arkitekto taldeak egindako proiektua urtarrilaren 24an onartu zuen.  Proiektua jende agirian ere egon zen eta orain, urrats berri bat emanez, lanak egingo dituen enpresa aukeratzeko lizitazio prozesua abiatzea erabaki du udal gobernu taldeak.

  Proiektuaren arabera, irisgarritasun lanak, Bidebarrieta kalea eta San Juan kaleko bidegurutzetik, San Migel Parrokiaraino egingo dira. Horrez gain, San Juan kalea eta erreka aldameneko ibilbidearen arteko lotura ere egokituko da.

  San Juan kaleak irisgarritasunaren ikuspegitik gabezia ugari ditu. Espaloiak estuak dira, garajeetarako sarrerak behar bezala adierazi gabe daude espaloitik doazen oinezkoen joan-etorria oztopatuz eta gainera, kalea eta zenbait atarien arteko desnibela handia eta arriskutsua da. Errepideko hainbat pasa bide behar bezala adierazi gabe ere badaude. Arrisku egoera hau zuzendu eta bereziki kalea irisgarritasun baldintzetara egokitzeko, hainbat lan egingo dira.

  Lan nagusia, San Juan kalea plataforma bakar bihurtzea izango da. Oinezko eta autoendako bideak maila berean jarriko dira, baina autoentzako sarrera mugatuz. Oinezkoek lehentasuna izango dute beraz, eta kiroldegiko lurrazpiko aparkalekura, garajeetara edo zamaketa lanak egitera doazen ibilgailuek soilik sartu ahal izango dute.

  Era berean, 4 eta 12 zenbakidun atarien artean dagoen alboko desnibela egokituko da, San Juan kalean egun dauden hainbat pasabide kenduko dira eta kalearen goialdean, Bidebarrieta kalera joateko pasabide berria egokituko da.

  San Juan kaletik Unibertsitate Etorbidera joateko lotura ere egokituko da, konkretuki, Turismo bulegora dagoen bidetik pasata. Bide honek bai San Juan aldera eta baita zubiaren inguruan, pendiz handia dauka. Hori leunduko da eta oztopo diren turismo bulego aurrealdeko bankuak lekuz aldatzea.  

  Egokitze lan hauek guztira 198 mila euroko aurrekontua dute, BEZa barne delarik. Diru kopuru horrek, kontratua, publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiliz esleitzeko aukera ematen du eta hala egitea erabaki du gobernu taldeak. Sektorean diharduten lau enpresei beren eskaintza egitea eskatu zaie jada. Proposamenak jaso, aztertu eta esleipena egiterako hilabete inguru edo pasako da. Baina erabakia, apirilaren lehen hamabostaldian hartuk da beti ere, lizitaziorako baldintzetan zehaztu denez, lanak, hiru hilabeteko epean egin beharko baitira eta apirilaren 15erako hasita egon beharko baitute. Amaitu berriz, uztailaren 15a aurretik amaitu beharko dira.

Iturria: Oñati irratia