San Juan Artian indusketa arkeologikoak egingo dira ohiko bizilekurik ote zen jakin asmoz

2015/06/24
Card image cap
Pare bat eguneko indusketak, uda akabera aldera egin asmo dira

  Iosu Etxezarraga Ortuondo arkeologoa ari da Gipuzkoako ermita zaharren orubeak industen.“Elizaren antolaketa XV. mendean izeneko tesi doktorala osatzen ari da eta horren baitan, populazio aldaketa edo migrazioek parrokia berrien sortze eta desagertze prozesuan nola eragin zuten. Horregatik, Gipuzkoan garai batean zeuden ermiten aztarnak bilatzen ditu eta hauen inguruan hilobirik ba ote dagoen, halakoek, ohiko bizileku edo asentamentu bazegoela adierazten baitu ikerlariaren hitzetan.

  San Juan Artia Gipuzkoa eta Araba arteko ohiko pasaleku izan zen mendeetan. Benta eta ermita egon zirela jakinekoa da baina garai konkretu batean bakarrik okupatzen ote zen edo ohiko bizileku ote zen jakin nahi da. Hilobiak topatzeak gainera, garaiko eliza antolamenduan garrantzia zuen lekua zela adieraziko luke Iosu Etxezarragak azaldu digunez. Kokapenaren garaiera edo altuera ohiko bizileku edo herrixka sortzeko arazo ez zela ere argitu digu eta adibide gisa, orain lau urte Bidanian industen hasi ziren Iromendiko San Pedro tontorra aipatu digu. 700 bat metroko altueran ei dago eta hainbat hilobi eta ontzi nahiz lapiko topatu dituzte bertan.

  San Juan Artian ez ezik, Bergaran, Santa Engrazia ermita zeneko inguruan ere indusketa arkeologikoak egiteko baimena eskatu dute.

  San Juan Artia ermitaren orubean egingo diren lan arkeologikoak, oinarrizko indusketa izango da, garai bateko aztarnarik geratzen ote den ikusteko lana. Pare bat egunez arituko dira eta miaketa amaituta, lurzorua estali eta topatu bezala utziko da. Era berean, ikerketa-txostenaren kopia Udalari bidaltzeko konpromisoa hartu du Iosu Etxezarraga arkeologoak. Izan ere, indusketa lan hauek egin ahal izateko Udalera jo baitzuen baimen eske.  Baina horrelako lanetarako baimena Foru Aldundiaren Ondare sailak ere eman beharko liokeela argitu zitzaion.

  Diputazioko baimena ez ezik, indusketa lanetarako diru laguntza ere eskuratuko du ikerketa taldeak, Gipuzkoako erlijio guneetan arkeologia miaketak egiteko proiektu honi, 900 euroko diru laguntza emateko behin behineko erabakia hartu dela argitaratu baita gaurko aldizkari ofizialean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!