Salvamento Maritimo Humanitariok Oñatiko udalera jo du babes eske

2019/02/05
Card image cap
Aita Mari ontziari baimena ematea eskatzen da, Mediterraneoan galduta dauden pertsonen bila joan dadin

  Pasaiako itsas kapitaintzak urtarrilaren 18an ukatu zion Aita Mari ontziari Mediterraneoan salbamendu lanak egiteko baimena. Horren aurrean, Salvamento Maritimo Humanitario erakundeak udaletara jo du babes eske eta bere idatzia Oñatira ere iritsi da. Osteguneko Osoko Bilkuran adierazpena irakurri eta aho batez onartu zen.

  Aita Mari ontziaren ekimena zibila dela aipatzen da idatzian, ehunka partikularren, tokiko, probintzia eta estatuko entitate publiko nahiz pribatuen elkartasunean oinarrituta eta bizi-eskubidea beste edozeren gainetik dagoenaren uste osotik sortutako ekimen zibila. Giza laguntza ematera behartuta dauden botere publikoen ukotik eta sorospen ezaren ondorioz sortutako erantzuna, alegia. 

  Mediterraneoan hondamen handia gertatzen ari dela dio SMH taldeak, Migrazioen Nazioarteko Erakundeak emandako datu ofizialen arabera, 2015etik, 14.454 lagun hil dira itsasoa zeharkatzeko ahaleginean.

  Egoeraren berri ematen duen lau puntuko adierazpena helarazi zion orain egun gutxi GKEak Oñatiko udalari, eta gai zerrendan ez zegoen arren, udalbatza osatzen duten bi taldeen aldeko iritziz, Osoko Bilkuran aztertu eta onartu zen, pasa den ostegunean. Itsasoan galdutakoei laguntza eskaini eta eskubideak bermatzea estatuei dagokiela dio idatziak. Egoeraren kudeaketa egoki bat diseinatzea eskatzen zaio Europar Batasunari, itsasoan galdutakoek dituzten eskubideak bermatzeko. Hori egin bitartean, giza erakundeekin ahalik eta koordinazio hoberena bermatu beharko dute Europar Batasuneko estatuek. Laugarren puntuan, legezko eta beharrezko ziurtagiri guztiak dituen Aita Mari itsasontziari, erreskate lanak burutzeko laguntza eskaintzea eskatzen zaie hartarako eskuduntza duten agintariei. Udalbatzak, esan bezala, idatzia bere egin zuen eta adierazpen gisa aho batez onartu zuen. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!