Saharako errefuxiatuentzako eskola materiala batzeko kanpaina berria abiatu du Hermansoloña taldeak

2019/11/18
Herriko denda eta ikastetxeetan jasoko da, abenduaren 15era arte

  Tindouf-eko errefuxiatu kanpalekuetan bizi diren sahararrentzako, eta nagusiki Smarako Mahbes dairako ikasleentzat, eskola material bilketa kanpaina antolatu du Hermansoloña elkarteak. Herriko ikastetxe eta paper eta liburu dendekin elkarlanean gauzatuko da kanpaina. Gaur hasi den material bilketa kanpaina abenduaren 15era arte luzatuko da.

  Koadernoak, blokak, boligrafoak, margotzeko materialak, motxilak, papera  eta bestelako eskola materiala ekimenarekin bat egin duten herriko dendetan utzi daiteke: Haritza, Hirukar, Urzai, Eurodenda, Trikitx eta Irizar, Altuna edo Urzelai estankoetan. Ikastetxeei dagokienean, iaz bezala, Txantxiku ikastolan, Errekalde herri eskolan, Zuazola-Larraña institutuan eta Elkar Hezin ez ezik, Enpresagintza fakultatean eta Soraluzeko Batxilergo Institutuan ere batuko da materiala. Kanpaina lantegietara ere zabaltzen da eta ULMA Pacaging-eko zentroetan, Oñatin eta Legazpin jasoko da eskola materiala.

  Elkartasun programa honek egoki funtzionatu dezan, materiala jaso ohi duen Mahbes herriko ordezkariekin harreman zuzena duten sahararrak daude Oñatin, Hermansoloña elkartean aktiboki lanean. 2020an bost urte beteko dira Tindouf-eko errefuxiatuen kanpamenduetara materiala modu jarraian bidaltzen hasi zirenetik.

  Urtean, hiru bidalketa egiten dira, urtarrilean, maiatzean eta irailean. Orain batuko den eskola materiala datorren urteko bidalketetan eramango dira. Eskola materialarekin batera beste material batzuk ere bidaltzen dira Saharara, jostailuak, arropa, oinetakoak eta informatika ekipoak, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia