Sabai arkitektoak enpresa proposatu da Oñatiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idazteko

2018/01/23
Esleipen prozesura aurkeztu zen enpresa bakarraren proposamena ontzat jo du Kontratazio Mahaiak

  Eskaintza bakarra aurkeztu zen HAPOa deritzona idazteko kontratazio deialdira, Sabai arkitektoak S.L., hain zuzen ere. Honek presentatutako txosten teknikoa eta aurrekontua ontzat eman ditu Kontratazio Mahaiak eta lanak, enpresa honi esleitzea proposatu dio udalari. Txosten teknikoa bereziki baloratu du Kontratazio Mahaiak. Memoria diagnosia, metodologiaren proposamena, herritarren partaidetzarako proposamena eta mekanismoak eta hobekuntzak landu dira. Atal honetan gehienera lortu zitezkeen 80 puntutik 61 eskuratu ditu Sabai arkitektoak enpresaren proposamenak.

  Diagnostikoaren memoria Oñatiren inguruko azalpen orokor bat egiten hasten da eta udalez gaineko araudiak zehazten dituen ildo nagusiak jasotzen dira. Horrez gain, egungo arazo nabarmenenei buruzko gogoeta egiten da eta proposamen eta jardunketa jarraibideen zerrendarekin amaitzen da. Metodologia zehazterakoan, HAPOa lantzeko prozesuaren atal bakoitzaren epeak eta edukiak zehazten dira. Prozesuak eskatuko dituen ahaleginak sinplifikatzeko eta eraginkorrak izateko metodologia konkretua proposatzeaz bat. HAPO edukiaren gakoak identifikatzen dira lanaren ikuspegi orokor zein zehatza agertuz. Herritarren partaidetzarako proposamen eta mekanismoak zehazten dira metodologia osoa aurkeztuz. Azkenik, eta hobekuntzen atalean, genero ikuspegiaren txertaketa nola egin zehazten da. Etxebizitza hutsei dagokionean, hainbat herrialdetan hartutako neurriak proposatzen dira eta baliabide naturalen erabiltze iraunkorra bultzatzeko neurri orokorrak ere aipatzen dira, besteak beste.

  Txosten teknikoa oso positiboki baloratu zuen Kontratazio Mahaiak baina baita eskaintza ekonomikoa ere, udalak zehaztutako gehienezko aurrekontua 25.000 eurotan merkatzen baitu. Lana, BEZa barne, 332.750 eurotan egingo du Sabai arkitektoak enpresak.

Iturria: Oñati Irratia