Ruper Ordorikaren "Guria ostatua" diskoa saritu du Musika bulegoak

2017/11/21
Euskal Herrian egiten den musikaren kalitatea aitortzeko sortu zituen Musika bulegoa elkarteak sari hauek

  Euskal Herrian egindako musika bultzatzeko eta indartzeko asmoz sortu zen duela bi urte Euskal Herriko Musika Bulego elkartea. Helburu berarekin sariak banatzea erabaki zuten iaz, hemengo lanaren kalitateari aitorpena egiteko. Sari horien bigarren edizioa antolatu dute aurten. 67 proposamen jaso dituzte eta zazpi saritzea erabaki dute, tartean, Ruper Ordorikaren azken diskoa: Guria ostatua. Oñatiarraren lanean, konposizioaren kalitatea eta oreka bereziki azpimarratu ditu epaimahaiak. Berri txarrak taldea, Ramon Lazkanoren zuzeneko lan bat, Zuhainpeko soinuak ekimena, Juan Ortizen Winter tales lana , Elena Setienen Dreaming of earthly things eta formakuntzarekin lotuta, Gasteizko Jazzargia ekimena ere saritu dira.

  Musika bulegoa sariak ez dira kategoria jakin batean ematen eta formatu ezberdinak onartzen dira. Irabazleek 3000 euro jasoko dituzte, lanean jarrai dezaten. Sariak, Donostiako Musikeneren egoitzan banatuko dituzte datorren asteazkenean, azaroaren 29an. Zuzeneko emanaldia ere izango da sarituen eskutik eta besteak beste, Elena Setien eta Ruper Ordorika igoko dira eszenatokira.

Iturria: Oñati Irratia