POZ zerbitzuak erronka eta asmo berriekin ekingo dio 2020ari

2019/12/03
Card image cap
40 urtetik gorako herritar sedentarioei zuzenduko da, etxez etxeko profesionalak formatuko ditu eta onkologikoak gidatuko duen ikerketa batean parte hartuko du

  Udaberrian jarri zen martxan POZ kirol orientazio zerbitzua anbulatorioan. Osakidetzak, udalak eta foru aldundiak elkarlanean abiatutako zerbitzua da. Bizi ohiturak aldatu eta sedentarismotik bizi aktibora pasatzeko aholkularitza orientazio zerbitzua da POZ.

  Lehen sei hilabeteetan 70 urtetik gorako erabiltzaileei zuzendu zaie zerbitzua; anbulatorioara doazenean, eta duten bizimoduari erreparatuta, sedentarioak diren pertsonak bideratu dira POZ zerbitzura. Bakarka edota taldeko egin daitezken ariketak erakutsi zaizkie, bakoitzak dituen ezaugarri eta mugak kontuan hartuta. Zerbitzuak harrera ona izan du eta bertaratutakoen % 70ak bakarkako jarduera fisikoarekin jarraitzen du. Baina hutsuneak ere antzeman dira. Erabiltzaile gehienak, lautik hiru, emakumeak izan dira eta gizonezkoak animatzea falta da.

  Etorkizuneko erronkak aipatzen hasita, zerbitzua beste kolektibo batzuei zabaltzeko asmoa dago: 40 urtetik gorako herritar sedentarioei zuzenduko da, etxez etxeko profesionalak formatuko ditu eta onkologikoak gidatuko duen ikerketa batean parte hartuko du, besteak beste.

  40 urtetik gorako herritar sedentarioak POZ zerbitzura zuzenduko dira, prebentzio neurri gisa. Baina zerbitzua,  etxeetan dauden nagusiei ere zuzendu nahi zaie. Horretarako bitartekari Etxez etxeko zerbitzuan ari diren langileak izango dira, hauek propio formatuko dituzte. Eta Europa mailan martxan jartzen ari diren ikerketa batean parte hartzeko eskaera egin du jada Oñatiko POZ zerbitzuak. Bularreko minbizia metastasiduna duten emakumeei zuzenduta egongo da eta Onkologikoak gidatuko du.

  Gaztetxoetan sentsibilizatzeko asmoz berriz, bizi ohitura osasuntsuak ezagutu eta barneratzeko ekintzak burutuko dira haurrei eta beraien gurasoei zuzenduta, Eskola kirolak elkartearekin elkarlanean.


Iturria: Oñati Irratia





Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!