Plazako pilotalekua eta inguruak argiztatu egingo dira

2017/03/27
Card image cap
Argi fokuak frontoiko harmailetan jasoko diren bi zutabetan eta ondoko eraikinetan kokatuko dira

  Herritar askoren eskaerari erantzunez plazako pilotalekua argiztatzea erabaki du udal gobernu taldeak. Argi proiektoreak pilotalekuan ez ezik, inguruko eraikinetan ere jarriko dira eta horrela, frontoia eta ondoko jolaslekua argiztatuko dira.

  INERGETIKA enpresari eskatu zitzaion inguruaren azterketa teknikoa egin zezan. Kanpo Argiteriaren Eraginkortasun Energetikoaren Erregelamenduaren irizpideak betetzeko azoka eta Gaztelekua eta Pago Uso elkartearen inguruak hobe argiztatu beharra dagoela ondorioztatu zen. Udal pilotalekua eta ondoko jolasgunea argiztatzeko 14 proiektore eta beste bi luminaria klasiko jartzea proposatu da. Frontoiko harmailetan sei metroko bi zutabe jasoko dira eta bakoitzean hiruna argi proiektore instalatuko dira. Azokako eraikinaren hegalean eta Gaztelekua eta ikastola dauden eraikinaren hegalpean berriz, beste launa. Gaztelekua eta ikastolako eraikinean gainera, beste bi luminaria klasiko jarriko dira proiektoreak baino beherago.
Plazako pilotalekua eta ondoko jolaslekuaren argiztapenak 17.000 euroko aurrekontua du. Horri, pilotalekuaren harmailetan bi zutabe jasotzeko obra zibila eta argi hartunerainoko kableatuaren kostua batu beharko zaio.

  INERGETIKA enpresari luminaria eta proiektoreen hornidura martxan jartzeko agindua eman zaio jada. Bide batez, frontoiko harmailetan kokatuko diren argi-zutabeen ezaugarriak ere zehaztu ditzala eskatu zaio udalak obra zibila lehenbailehen egin dezan. Asmoa, lanak udarako egitea da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!