Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen ZAZPIKOLOROA ikuskizuna, maiatzaren 5ean Oñatin ikusi ahal izango da.

2012/03/15
Card image cap

   Ohikoa denez, Txantxiku Ikastolaren Egunaren ospakizunen baitan antolatu da. Maiatza hasi orduko dator aurten Txantxiku Ikastolaren Eguna. Ospakizunak, maiatzaren 4 eta 5ean izango dira. Eta Txantxiku Ikastolaren Eguneko ospakizunen baitan, ia ohikoa bihurtu da Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoen emanaldia. ZAZPIKOLOROA da eskaintzen ari diren ikuskizun berria eta Oñatin ere horixe egingo dute.  Maiatzaren 5ean izango da eta azken urteetan egin bezala, Kiroldegiko kantxan.

  Horretarako, dagokion eskaera egin eta udalaren baimena lortu du jada ikastolako zuzendaritzak. Eta ez bakarrik maiatzeko lehen zapatuan kiroldegiko kantxa erabiltzeko baizik eta bezperan, Zubikoako pilotalekua, azoka plaza eta kanpoko pilotalekua ere. Ostiralean, ikasleekin jolasak egin eta puzgarriak eta beste jolasgune batzuk ere egokituko baitituzte.

  Baina ikusle gehien bilduko dituen ekitaldia, pailazoen ikuskizuna izango da. Hasieran, era honetako emanaldiak pilotalekuan egiten ziren. Baina hau  txiki geratu zen eta ikuskizunaren emanaldiak bikoiztera jo zen. Honek dena den, ordutegi arazoak eta noski, koste arazoak sortu zituen. Horretxegatik, ikastolako arduradunek eszena tokia aldatzea erabaki zuten eta ikuskizuna, pilotalekua utzita, Zubikoako kantxara eraman zen. Honek, guztira, 1.040 lagunentzako lekua du, gradatako jesarlekuak eta kantxan bertan jartzen diren aulkiak kontutan hartuta. Azken urteetan leku arazo txikiak sortu dira berriz, baina herrian ez dago beste aukera handiagorik. Kontutan hartuta gainera, ZAZPIKOLOROA ikuskizuna eskualdeko beste herri batzuetan jada eskaini dela ikastolako arduradunek, guztiontzat tokia izatea espero dute.

  5 urteko ikasleak izango dira bestalde, pailazoekin, ikuskizunean zuzenean parte hartzeko aukera izango dutenak.

  Arratsaldeko 5etan hasiko da emanaldia, PIRRITX ETA PORROTXek bere web-orrian iragartzen dutenez. Sarrerak berriz, Aste Santuko oporren bueltan jarriko dira salgai.  

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!