Pintxo-pote mitologikoa eta Irazanen aurkezpen antzeztua dira San Joan suaren inguruko berritasunak

2016/06/23
Card image cap
Ospakizunetan "arduraz eta kontuz" jokatzeko gomendioa zabaldu du Diputazioak

  Udako solstizioaren jaia indartuz doa urtetik urtera. Udalak eta herriko ikastetxeek elkarrekin antolatzen duten San Joan suaren ospakizuna osatuz doa. Gaur osteguna dela aprobetxatuz, arratsaldeko pintxo-potea ere ospakizunean barneratu nahi izan da eta herriko tabernariei euskal mitologian oinarritutako pintxoak prestatu ditzaten gonbidapena luzatu zaie. Hainbatek hala egingo dutela baieztatu dute jada. Horren adierazgarri den kartela jarriko dute taberna sarreran bezeroek jakin dezaten. Baina Udako solstizioaren ospakizuna, pintxo potea baino ordu erdi lehenago hasiko da txorimalo eta buruhaundien kalejirarekin. 18.30tan abiatuko dira, Musika Eskolako trikitilariek lagunduta.

  Egunak ekarriko duen bigarren berrikuntza Irazan antzerki gunekoen eskutik etorriko da. Taldeak San Joan suaren jatorria eta historia azalduz antzezlana eskainiko baitute plazan jada prest dagoen txondorrari su ematearekin batera. Oñatz dantza taldekoak ere ez dira faltako urteroko hitzordura. 40 bat dantzari arituko dira, San Joan zortzikoa eta fandango eta arin arina dantzatzen. Amaieran berriz, herritar guztiok dantzan jartzeko asmoz, Erdizka Lauetan taldearekin plaza dantzak izango dira. San Joan sua, 22.30tan ixutuko da plazan.

  San Joan suen inguruan,  ardura eta kontu osoz joka dadin gomendioa zabaldu da Foru Aldunditik. Azken egun hauetako bero handiak ingurua asko lehortu du eta sua zabaltzeko arriskua areagotu du. Horregatik, babes zibiletik hainbat aholku eman dira: suaren ingurua garbi mantentzea, zabaldu ez dadin; sua egingo den lekua zaindu eta ibilgailuak, eraikinak, beirateak, gas hodiak, linea elektrikoak, edukiontziak, edota landaredia dagoen lekuetatik gertu surik ez piztu. Eta haize handia badabil ere, sua ez piztea gomendatzen da. Sua ixuketako likido sukoirik ez erabili eta ekidin baita ere, ehunak, plastiko birutak edo konfetiak erabiltzea, haizeak mugitu baititzazke. Suan 4 metrotik gorako materialik ez pilatu eta prebentzio neurri gisa prest eduki su itzalgailu edo ur mangeraren bat. Sua gainbegiratzen pertsona heldu bat egon dadila ere gomendatzen da. Hala, jaia bukatzean, txingarrik edo hausberorik geratu ez dela egiaztatu, ura, harea edo lurra gainera boteaz. Ezbehar edo larrialdirik izanez gero, 112 telefonora deitzea gogorarazten du Foru Aldundiak, herritarrei zuzendutako oharrean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!