Pertsona nagusientzako ariketa gunea egokitu da autobus geltoki nagusiaren atzealdeko berdegunean.

2012/01/17
Hanka, beso edota eskuen mugimendurako elementu bereziak jarri dira.

  2011ko aurrekontuetan jada, nagusiendako propio egokitutako ariketa elementuak jarriz halako aisialdi gune bereziak prestatzea aurre ikusten zen. Tartean, osasun sailarekin elkar lanean, “tipi tapa” izeneko proiektuan parte hartzeko gonbidapena jaso da eta biak uztartuz, pertsona nagusientzako lehen ariketa gunea muntatu da Postetxeko autobus geltokiaren atzealdean.

  Motrizitatea edo mugimendua lantzeko 7 elementu berezi jarri dira: pedalei eragiteko bi, sorbalda, eskumutur eta esku eta hatzak mugitzeko bana eta eskailera eta arrapaletan ibiltzeko beste bat. Haurrei zuzendutako aisialdi gunetan bezala hemen ere, erabilpen karteltxo bat jarri da. Ariketa, lasai egin, minik sentituz gero utzi edota nekatzerakoan geratzeko aholkuak dira besteak beste kartel horretan irakurri daitezkeena.

  Muntatu zen ariketa gune berezi hau egitasmo zabalago baten zati besterik ez da. Oñatik, Irun eta Hondarribiarekin batera “tipi tapa” izeneko proiektu pilotu batean parte hartuko baitu. Osasun zentroak eta udal gizarte zerbitzu departamentuak elkarrekin koordinatuta garatuko duten proiektu berezi honen xedea, pertsona nagusien sedentismoa mugatzea da. Azken helburu gisa, sedentismo horrek berak sor ditzakeen gaixotasun kronikoak ahalik eta gehien atzeratzea delarik.

  Horrela, udalak, pertsona nagusiei zuzendutako ariketa gune berezi edo osasun zirkuito deritzonak egokitzeko konpromisoa hartzen du eta osasun zentroak, bere aldetik, hauen promozioa edo eginez, bertara doazen pertsona nagusien artean, hauek erabiltzeko gomendio eta aholkuak sistematikoki emango ditu.
Helburua, esan bezala, pertsona nagusiak gutxieneko ariketa fisikoa egitera animatzea da beti ere, gaixotasun kronikoen prebentzio gisa.

  Oraingoz, hartarako lehen urratsa eman da era horretako ariketak praktikatu ahal izateko gune berezia egokituz. Datozen hilabeteetan, zirkuitu osasungarri hori osatu eta erabilerarako aholku eta gomendioak zehaztu eta idaztea izango da. Gero, orritxo horiek beste edozein botika errezeta moduan anbulatoriora doazen adinekoei banatu ahal izateko.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!