Oñatiko udala

Pertsona nagusien zaintza ikastaroa iaz egin zutenei diplomak banatuko zaizkie gaur arratsaldean

2015/05/04
Card image cap
“Pertsonei arreta soziosanitarioa ematea etxean” izeneko formazio ikastaro berrian parte hartzera animatuko dira

  Hamalau lagun izan ziren iaz, Udalak antolatutako oinarrizko zaintza ikastaroa osatu zutenak. Bakoitzari, dagokion diploma emango zaio gaur arratsaldean Zubillagako Olaburu zentroan egingo den ekitaldian. Bertan, ikastaroa eman zuen Bastida akademiako ordezkariak eta alkatea izango dira. Bide batez, diploma hartzaileei, Udalak antolatuta egingo den ikastaro sakonago batetan parte hartzeko gonbidapena luzatuko zaie, horretarako beharrezkoa den oinarrizko ikastaroa egina baitute.

  Pertsonei arreta soziosanitarioa ematea etxean izeneko ikastaro berria, 600 ordukoa izango da eta lau modulutan banatuko da. Lehenengo modulua, orain, maiatzean hasi asmo da.

  Erdi mailako lanbide heziketarekin edo, parekatu daiteke Udalak martxan jarri nahi duen formazio ikastaro berri hau. Parte hartzeko, DBH edo erdi mailako lanbide heziketarako sarbide azterketa gaindituta izatea eskatzen da edo  udalak eman dituen 120 orduko oinarrizko ikastaroa egina izatea. Ikastaroak 600 orduko iraupena izango du guztira baina lau modulutan emango da. Lehena, etxez etxeko higienea eta arreta sanitarioa deritzona da. 170 orduko modulu hau maiatza eta ekaina bitartean emateko asmoa dago eta hurrengo moduluak, ondorengo hilabeteetan zehar emango dira.

  Lehen moduluari dagokion ikastaroa, astelehenetik ostiralera arratsaldeko 15.00etatik 19.00etara egitea aurre ikusten da baina partaideen disponibilitatea kontutan hartuko da eta gehiengoak hala eskatuz gero goizez egingo da. Arrasateko Bastida akademiak emango du eta Zubillagako Olaburu zentroan izango da.

  Dagoeneko 12 lagunek izena eman dute baina taldea, gutxienez, 15ekoa izan beharko da. Interesa duenak, Bidebarrieta kaleko 12an enplegu zerbitzuak dituen bulegoetatik pasa behar du edo bertara telefonoz deitu: 943.037700 da zenbakira. Orain maiatzean taldea osatuko ez balitz, ikastaroa, udako oporren ondorenerako, iraila-urrirako utziko litzateke.

  Udalak antolatu duen formazio ikastaro honetan, mendeko pertsonen higienea eta arreta sanitarioa landuko dira. Hurrengo hiru moduluetan berriz, etxez etxeko arreta eta laguntza psikosoziala, laguntza eta familia elikadura eta beste jardunbide batzuk ikasiko dira.

  Laster zaintza eta etxeko lanetan aritzeko profesional ziurtagiria ezinbestekoa izango da. Udalak antolatuta osatuko den 600 orduko  formazio ikastaro honen bidez, oinarrizko ezagutza dutenei ertamailako agiria eskuratzeko aukera eman nahi zaie.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!